Eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketari ekin diote
2020/01/09 | Lehiaketa
2. urteko alebinak eta infantilak (1. eta 2. mailakoak) lehiatuko dira; martxoaren 29ko jardunaldian jokatuko dituzte finalak
Eskuz banakako lehia bukatuta, eskuz binakakoak hartuko dio lekukoa Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan. 2. urteko alebinak eta infantilak (hauek 1. eta 2. mailan banatuta) lehiatuko dira. Eta jardunaldi honetan (2020-01-12) ekingo diote txapelketari.
2. urteko alebinetan, 50 bikotek eman du izena, eta 9 multzo osatu ditugu. Eta infantiletan, 34 bikote lehiatuko dira 1. mailan, 6 multzotan banatuta, eta 47 bikote 2. mailan, 9 multzotan.
Bai alebinetan bai infantiletan, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute lehenik, urtarrilaren 12ko jardunalditik otsailaren 9kora bitarte. Multzo bakoitzean 1. eta 2. postuan sailkatzen diren bikoteek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6.era bitartekoek eskualdeko txapelketak, Ekialdekoa eta Mendebaldekoa. Hiru txapelketa horietan otsailaren 16ko asteburuan hasiko da bigarren fasea, eta ligaxka hori martxoaren 5ekora bitarte luzatuko da.
Martxoaren 22ko jardunaldian izango dira ikusgai finalerdi guztiak. Eta finalak martxoaren 29ko asteburuan jokatuko dituzte, oraindik erabakitzeko dauden egoitzetan.
Webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz binaka atalean daude jasota txapelketaren xehetasun guztiak. Eta bai bertan bai Kartelera atalean lehiari astez asteko jarraipena egiteko modua dago. |
|