50 bat pilotarik ekin diete dagoeneko eskuko teknifikazio proiektuaren entrenamenduei
2018/10/18 | Ikastaroak
Infantil kategoriako 32 pilotari ari dira, Urrestillan (Azpeitia), Zizurkilen eta Lasarte-Orian; eta kadete kategoriako 18, Donostian; Iraitz Olaetxea GEPFko teknikaria eta Beņat Rezusta, Ander Imaz eta Andoni Ugalde pilotari profesional gipuzkoarrak dira prestatzaileak
Ekin diete entrenamenduei aurtengo mutilen eskuko teknifikazio proiektuan parte hartzeko aukeratutako pilotariek. 50 lagun dira guztira, infantil kategoriako 32 eta kadete kategoriako 18. Urriaren 10ean hasi zituzten saioak, eta ekainera arte asteazkenero bilduko dira frontoietara, ondo pasa eta trebatzeko gogoarekin.
Pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea du xede Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) egitasmo honek. 2014-15 denboraldian jarri genuen martxan, eta urtero harrera bikaina izaten du.
Aurtengo deialdia berriz ere infantil eta kadete kategorietako pilotarientzat izan da, eta Gipuzkoako 20 klubetako 92 pilotarik eman zuten izena, 55 infantil eta 37 kadete. Irailaren 16an, 23an eta urriaren 3an hautaketa entrenamenduetara deituak izan ziren, eta ondoren osatu zen pilotarien behin betiko zerrenda.
Esan bezala, 18 pilotari kadete ariko dira Gipuzkoa mailako entrenamenduetan (eskualde guztietakoak dira hauek), eta 32 pilotari infantil eskualdeetan (Deba eta Urolako 12, Goierri, Tolosaldea eta Aiztondoko 10, eta Bidasoa, Oarso eta Buruntza eskualdeetako 12).
Izan ere, infantilei zuzendutako entrenamenduak hainbat eskualdetan izango dira: Deba eta Urolako pilotariek Urrestillan (Azpeitia) izango dituzte saioak, Beñat Rezusta pilotari profesional bergararrarekin; Tolosaldea, Goierri eta Aiztondokoak Zizurkilen elkartuko dira, Ander Imaz pilotari profesional oiartzuarraren gidaritzapean; eta, azkenik, Bidasoa, Oarso eta Buruntzako pilotariak Lasarte-Orian elkartuko dira, Andoni Ugalde pilotari profesional oiartzuarrarekin entrenatzeko. Kadete kategoriako entrenamendu guztiak, berriz, Donostiako Atano III.enean izango dira, eta Iraitz Olaetxea GEPFko teknikariak gidatuko ditu.
Ondorengo lerrotan bildu ditugu aurtengo teknifikazio proiekturako pilotari hautatuak eta saioen hainbat xehetasun:
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||