Azpeitiak eta Ataunek jokatuko dute Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finala, larunbatean

2018/06/28 | Lehiaketa

Donostiako Atano III.ean izango da ikusgai jaialdia, 16:30etik aurrera; Azpeitiak irabaziko balu, lehendabiziko herria litzateke lau aldiz jarraian txapela janzten; Ataunentzat lehen finala da torneoan eta, beraz, bere lehen txapela lortzeko aukera

Azpeitiak eta Ataunek jokatuko dute 2018ko Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finala. Larunbatean izango da hitzordu handia, 16:30etik aurrera, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Aste honetan bi herri finalistek egin dituzte beraien entrenamendu saioak bertan. Sarrerak ere salgai dira bai Azpeitian bai Ataunen. Material hautaketa finalaren egunean bertan egingo dute, jaialdia hasi baino lehenago. Eta, orokorrean, dena da prest festa berezirako. Hauxe aurreikusitako jaialdia:

 

 

Ekainak 30, larunbata, 16:30, Donostia-Atano III.a
 

1. Kadeteak: AZPEITIA (Unai Alberdi-Jakes Elosegi) / ATAUN (Eneko Goikoetxea-Unai Goikoetxea)

2. Jubenilak: AZPEITIA (Gorka Iriarte-Julen Egiguren) / ATAUN (Arkaitz Baztarrika-Josu Etxeberria)

3. Nagusiak: AZPEITIA (Jon Alberdi-Daniel Murgiondo) / ATAUN (Iraitz Zubizarreta-Ibai Arratibel)
 

 

 

Pilotari hauek osatzen dute Azpeitiko taldea: Jon Alberdi, Unai Alberdi, Oier Apezetxea, Auritz Arrizabalaga, Aimar Egiguren, Iker Egiguren, Julen Egiguren, Jakes Elosegi, Gorka Iriarte, Ekaitz Isasmendi, Josu Labaka, Haritz Larrañaga, Daniel Murgiondo, Jabi Odriozola, Mikel Unanue eta Josu Uzkudun.

Eta ondorengoek Ataun: Endika Apalategi, Ibai Arratibel, Aimar Aierbe, Arkaitz Baztarrika, Josu Etxeberria, Eneko Goikoetxea, Unai Goikoetxea, Aitor Kerejeta, Beñat Nar, Iñigo Zabala, Aimar Zaldua eta Iraitz Zubizarreta. 

 

 

 

Oiartzun eta Azkoitia gelditu dira finalaren atarian. Oiartzunek 4-2 galdu zuen finalerdietan Azpeitiaren aurka (joanekoan 3-0 galdu: 22-16, 22-19, 22-9; eta itzulerakoan 2-1 irabazi: 22-16, 22-21, 12-22). Eta Azkoitiak 3na berdindu zuen Ataunekin, baina 2 tantoko aldeagatik finaletik kanpo gertatu zen (joanekoan 2-1 irabazi zuen: 22-10, 22-15, 2-22; eta itzulerakoan 2-1 galdu: 22-21, 11-22, 22-11).

 

 

 

Azpeitiak 41 aldiz hartu du parte Herriarteko Eskuzko Txapelketan, eta Ataunek 19 bider.

Azpeitia 9 final jokatu ditu torneo honetan, larunbatekoarekin 10.a. Horietatik, 6 aldiz jantzi du txapela: 2004an (Hernaniren aurka), 2008an (Donostiari irabazita), 2010ean (Hernaniri), 2015ean (Tolosa mendean hartuta), 2016an (Astigarragaren kontra) eta azkena iaz (Oiartzuni nagusituta). Eta beste 3tan izan da txapeldunorde: 1995 eta 1996an (bietan Azkoitiak irabazi zuen) eta 2007an (Arrasaterentzat txapela). 

Ataunentzat, bestalde, bere lehendabiziko txapela janzteko aukera da aurtengoa, orain arte ez baita finalera sekula iritsi.

 

 

 

2018ko edizioan 18 herrik eman zuten izena eskuzko lehian, hauexek: Aia, Altzo, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bidania-Goiatz, Donostia, Errenteria, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zizurkil eta Zumaia.

 

 

 

51. edizioa da aurtengoa eskuz.

Urte hauetan guztietan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Donostia da bigarren palmaresean, 6 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Azpeitia hirugarren, 6rekin (3tan txapeldunorde).

Azpeitia berriro nagusituko balitz, lehendabiziko herria litzateke lau aldiz jarraian lehia irabazten.

 

 

 

Zorte on denoi eta ikuskizun aparta eta giro paregabea izan dezagula!

 

 

 

Herriarteko Eskuzko Txapelketaren inguruko informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Eskua atalean dago eskuragarri: https://bit.ly/2yuUos1

 

 

 






Babesleak

Ir arriba