Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria, martxan

2012/01/26 | Lehiaketa

Aurten, estreinakoz, Promozio Saria ere antolatu da, gazteei aurrera egiteko bidea ireki asmoz

Martxan da 2011-12ko Ezker Hormako Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria. Gaur bertan (2012-01-26) pilotari parte-hartzaileek zein erakundeetako ordezkariek aurkezpen ofiziala egin dute, Donostiako Kirol Etxean. Eta igandean bertan, urtarrilak 29, jarriko da martxan goi mailako txapelketa. 

 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatzen duen lehiaketa honek bosgarren edizioa beteko du aurten. Euskal Herriko pilotaririk onenak biltzen ditu eta, aldi berean, baita mundu mailakoak ere; besteak beste, Maite Ruiz de Larramendi, Susana Muneta, Amaia Etchelecu, Nagore Arozena eta Maider Mendizabal munduko txapeldun izanak. 

 

Helburu nagusienetakoa pilotari onenak bildu eta goi mailako txapelketa antolatzea da. Baina aurtengoan, horrez gain, berrikuntza modura, bi mailatan antolatu da txapelketa: Sari Nagusia eta Promozio Saria. Azken hau gazteei aurrera egiteko bidea ireki asmoz sortu da.

 

Kutxa Sari Nagusian, Euskal Herriko egungo 8 pilotari onenek eta nabarmendu diren 4 gaztek parte hartuko dute. Hona hemen pilotari zerrenda:
 

- Aurrelariak:

  • Amaia Irazustabarrena (Gipuzkoa)
  • Maider Mendizabal (Gipuzkoa)
  • Susana Muneta (Nafarroa)
  • Yanira Aristorena (Nafarroa)
  • Amaia Etchelecu (Lapurdi)
  • Maritxu Housset (Lapurdi)
     

- Atzelariak:

  • Nagore Arozena (Gipuzkoa)
  • Ariane Arrieta (Gipuzkoa)
  • Rebeka Contin (Nafarroa)
  • Maite Ruiz de Larramendi (Nafarroa)
  • Amaya Serre (Nafarroa Beherea)
  • Claire Bordagaray (Nafarroa Beherea)

 

Promozio Sarian, berriz, orain arte nabarmendu diren Euskal Herriko 6 pilotarik parte hartuko dute:

- Aurrelariak
 
  • Ainhoa Garmendia (Gipuzkoa)
  • Ane Isasmendi (Araba)
  • Beatriz Andueza (Nafarroa)
     

- Atzelariak

  • Maider Senper (Gipuzkoa)
  • Maddi Mendizabal (Gipuzkoa)
  • Irati Ugalde (Gipuzkoa)
 
 

Bikote osaketari dagokionean, Antolaketa Batzordeak joko maila orekatzeko irizpidea hartu du kontuan, beste behin. Beraz, bikoteak honela geratu dira:
 

- Kutxa Sari Nagusia

  1. Amaia Irazustabarrena-Nagore Arozena
  2. Amaia Etchelecu-Rebeka Contin
  3. Susana Muneta-Claire Bordagaray
  4. Maider Mendizabal-Ariane Arrieta
  5. Yanira Aristorena-Maider Ruiz de Larramendi
  6. Maritxu Housset-Amaya Serre
     

- Promozio Saria

  1. Ainhoa Garmendia-Maider Senper
  2. Ane Isasmendi-Maddi Mendizabal
  3. Beatriz Andueza-Irati Ugalde

 

Kutxa Sari Nagusian, hiru bikoteko bi multzo egin dira. Multzo bakoitzean joaneko ligaxka jokatuko dute, eta lehenenengo biak finalerdietarako sailkatuko dira (A1 B2ren aurka, eta B1 A2ren kontra). Irabazleek finala jokatuko dute, martxoaren 4an, Tolosako Beotibarren. Lehiak bost jardunaldi izango ditu.

 

Promozio Sarian, bestalde, hiru bikoteak multzo bakarrean ariko dira. Hauek ere joaneko ligaxka jokatuko dute eta, kasu honetan, lehendabiziko biak sailkatuko dira finalera. Martxoaren 4an izango da, Tolosan, Sari Nagusiko finalarekin batera. Lehia honek lau jardunaldi izango ditu.

 

Jardunaldi bakoitza pilotaleku batean jokatuko da. Partidak igande goizetan izango dira, 10:30etik aurrera ligaxkakoak eta 11:00etatik aurrera finalerdiak eta finala.

 

Txapelketaren astez asteko jarraipena webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan egin ahal izango duzue, eta baita www.blogak.com/emakumeapilotari atarian ere.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba