Prest da Emakumeen eskuz banakako Gabonetako Txapelketa Azkarra

2024/12/24 | Lehiaketa

Abenduaren 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an izango da, goizez, Donostiako Atano III.a pilotalekuan; 40 bat pilotari benjamin, alebin eta infantilek eman du izena bigarren edizio honetan

Aurreko denboraldiko arrakasta ikusita, aurten ere Emakumeen eskuz banakako Gabonetako Txapelketa Azkarra antolatu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Bigarren edizio hau abenduaren 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

 

 

Benjamin, alebin eta infantil kategorietako neska pilotariei dago zuzenduta txapelketa, eta 40 bat lagunek eman du izena: benjamin kategoriako 11, alebin kategoriako 17 (11 parte-hartzean eta errendimenduko 6) eta infantil kategoriako 12.

 

 

Klub hauetakoak dira: Abantzu (Zestoa), Ados, Alde Zaharra (Donostia), Aloña Mendi (Oñati), Ataun, Azkoitiko Oteiza, Behar Zana (Amasa-Villabona), Eple (Errenteria), Gazteleku (Andoain), Gure Txeru (Getaria), Ilunpe (Azpeitia), Intxurre (Alegia), Intza (Lasarte-Oria), Izurun (Donostia), Lagunak (Elgoibar), Lapke (Lazkao), Mundarro (Astigarraga), Murumendi (Beasain), Oiarpe (Oiartzun), Pagazpe (Usurbil), Txapagain (Ordizia), Txulobi (Aduna) eta Ziotza (Zizurkil).

 

 

Eskuz banaka lehiatuko dira denak. Saioak goizez izango dira. Kategoria bakoitzak bere eguna izango du, eta azken egunean final guztiak ikusteko aukera izango da.

 

 

Alebinekin hasiko da txapelketa, abenduaren 30ean (astelehena). Parte-hartzekoen ligaxka izango da lehenik: 09:30ean A multzokoek (5 pilotari) jokatuko dute eta 10:30etik aurrera B multzokoek (6 pilotari); multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek lortuko dituzte azken faserako txartelak. Ondoren, errendimenduko alebinek jokatuko dute ligaxka: 12:00etan A multzokoek (3 pilotari) eta 12:45ean B multzokoek (beste 3); multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira hurrengo fasera.

 

 

Abenduaren 31 (asteartea) infantilen txanda izango da. Hauek ere ligaxka jokatuko dute: 09:30ean A multzokoek (3 pilotari), 10:30ean B multzokoek (beste 3), 11:30ean C multzokoek (beste 3) eta 12:30ean D multzokoek (beste 3). Multzo bakoitzeko lehendabizikoak lortuko du hurrengo fasera pasatzea.

 

 

Eta urtarrilaren 2a (osteguna) benjaminen goiza izango da. Hauek ez dute azken faserik jokatuko, ligaxka-topaketa egingo dute: 10:00eta hasiko dira A multzokoak (5 pilotari) eta 11:30ean jarraituko dute B multzokoek (beste 6 pilotari). 

 

 

Azkenik, esan bezala, urtarrilaren 3an (ostirala) alebinen eta infantilen azken fasea izango da ikusgai: finalerdiak eta finalak. Hauxe aurreikusitako egitaraua:

  • 09:30: finalerdia alebinak parte-hartzea(A1 vs B2)
  • 09:50: finalerdia alebinak parte-hartzea (B1 vs A2)
  • 10:10: FINALA alebinak parte-hartzea
  • 10:30: finalerdia alebinak errendimendua (A1 vs B2)
  • 11:00: finalerdia alebinak errendimendua (B1 vs A2)
  • 11:30: FINALA alebinak errendimendua
  • 12:00: finalerdia infantilak (A1 vs D1)
  • 12:30: finalerdia infantilak (B1 vs C1)
  • 13:00: FINALA infantilak

 

 

Zorte on denoi eta ondo pasa!

 

 

 














Babesleak

Ir arriba