Martxan da Eskola Kiroleko Gipuzkoako Txapelketa
2024/11/12 | Lehiaketa
Benjamin eta alebin kategorietako pilotariak dagoeneko ari dira eskuz, eta asteburuan hasiko da alebinen paletako lehia; 300dik gora taldek eman du oraingoz izena
Martxan da 2024-25 denboraldiko Eskola Kiroleko Gipuzkoako Txapelketa. Benjamin eta alebin kategorietako pilotariak dagoeneko ari dira eskuzko parte hartzeko jardueretan eta txapelketako partidetan. Eta asteburuan (2024-11-16) hasiko da alebinen paletako lehia. 300dik gora taldek eman du izena oraingoz. Ondorengo lerroetan jaso ditugu hainbat xehetasun:
ESKUA - Benjamin eta alebin kategorietako pilotariek hartuko dute parte: benjaminek parte hartzeko jarduerak izango dituzte, eta ez da sailkapenik egingo; eta alebinek lehiaketa jarduerak izango dituzte. - Neskak eta mutilak ariko dira. - Taldeak 3-4 pilotariz osatuta egongo dira. - Eskualdeka ariko dira, azken fasera arte: Buruntza, Deba, Donostialdea, Goierri, Oarso-Bidasoa, Tolosaldea eta Urola Kosta. - 295 taldek eman du izena oraingoz: 147 benjaminetan (25 Buruntzan, 42 Deban, 19 Goierrin, 7 Oarso-Bidasoan, 34 Tolosaldean eta 20 Urola Kostan) eta 148 alebinetan (24 Buruntzan, 32 Deban, 10 Donostialdean, 12 Goierrin, 21 Oarso-Bidasoan, 28 Tolosaldean eta 21 Urola Kostan). - Urriko azken asteburuan ekin zioten lehendabiziko faseari eskualde batzuetan, azaroko bigarren asteburuan jarraitu beste hainbatetan, eta aurrerago ere gehituko dira beste hainbat. Lehendabiziko fase hori urte bukaeraraino luzatuko da. - Egoitzatan izango dira jardunaldiak, larunbat arratsaldetan. Eta hitzordu bakoitzean talde bakoitzak partida bat baino gehiago jokatuko ditu (frontisean eta errebotean). - Partidak hiru jokotara (partida txikiak) izango dira, lehendabiziko biak banaka eta hirugarrena binaka. Joko bakoitza 8 tantotara lehiatuko da.
PALETA - Alebin kategoriako palistek jokatuko dute, molle-pelle pilotarekin; batzuk molle-pelle handia eta beste batzuk molle-pelle txikiarekin. - Neskak zein mutilak lehiatuko dira. - Taldeak bizpahiru pilotariz osatuta egongo dira. - Gipuzkoako mailakoa izango da, orokorra (ez eskualdeka). - 14 taldek eman du izena: 9 talde molle-pelle handiko txapelketan (bi multzotan banatuta) eta 5 talde molle-pelle txikikoan (multzo bakarra). - Larunbat honetan ekingo diote lehendabiziko faseari, eta urte bukaerara arte iraungo du. - Egoitzatan izango dira jardunaldiak, larunbat arratsaldetan. Hauek dira aurreikusitakoak: azaroak 16, Zumaia; azaroak 23, Ordizia; azaroak 30, Oiartzun; abenduak 7, Azpeitia; abenduak 14, Orio. - Molle-pelle handiko paleta txapelketan, hiru jokotako partida jokatuko dute: lehendabiziko biak banaka eta hirugarrena binaka. 10 tanto egitera izango dira banakakoak, eta 15 tanto egitera binakakoa. - Molle pelle txikiko paleta txapelketan, berriz, binakako partida bat jokatuko dute, 25 tantotara.
Lehiaketa-Eskolartekoa-Gipuzkoa-Eskua eta Lehiaketa-Eskolartekoa-Gipuzkoa-Paleta ataletan kontsulta daiteke informazio gehiago. |
|