Gipuzkoa 1 eta Gipuzkoa 2 taldeak, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan
2024/09/05 | Lehiaketa
Asteburuan ekingo diote lehiari Euskal Herriko 7 taldek, eta lehen jardunaldia etxean jokatuko dute gipuzkoarrek
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa ere jardunaldi honetan (2024-09-08) hasiko da. 7 taldek eman du izena Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) antolatutako hitzorduan, eta horien artean dira gipuzkoarrak ere: Gipuzkoa 1 eta Gipuzkoa 2 lehiatuko dira bederatzigarren edizio honetan.
Bi multzotan ariko dira parte-hartzaileak:
A MULTZOA
B MULTZOA
Lehenik, ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzean, hilaren 8tik 22ra bitarteko asteburuetan, eguraldiak lagunduko balu, behinik behin. Gipuzkoako bi taldeek etxean ekingo diote txapelketari: Gipuzkoa 1ek Bizkaia 2 hartuko du eta Gipuzkoa 2k Iparralde 2, biek ere Oiartzunen. Bigarren jardunaldian Bizkaira joan beharko du Gipuzkoa 1 taldeak, Bizkaia 3ren kontra jokatzeko, eta atseden izango du Gipuzkoa 2k. Eta hirugarren jardunaldian, azkenik, Iparralden lehiatu beharko du Gipuzkoa 1ek, Iparralde 1en kontra, eta Bizkaian Gipuzkoa 2 taldeak, Bizkaia 1en aurka.
Multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira finalerdietara, hau da: A1 vs B2 eta B1 vs A2. Urriaren 6ko asteburuan aurreikusten dira finalaurrekoak.
Eta, eguraldiak txapelketa aurreikusi bezala joatea oztopatzen ez badu, behintzat, irabazleek urriaren 13ko jardunaldian jokatuko dute finala.
Hauek izango dira Gipuzkoako ordezkariak txapelketaren bederatzigarren edizioan: GIPUZKOA 1
GIPUZKOA 2
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.eus, eta gure webguneko Lehiaketa-Selekzioa-Bote Luzea atalean. |
|