Oiartzunek irabazi du Herriarteko Eskuzko Txapelketa, Zaldibiaren kontrako final zirraragarrian
2024/07/02 | Lehiaketa
Bana berdinduta iritsi ziren bi herriak nagusien kategoriako partidara, eta 22-20 irabazi zuen azkenean Oiartzunek; festa paregabeaz gozatu ahal izan zuten Atano III.a frontoira bildutakoek
Zirraragarria. Horrelakoxea izan da Oiartzunek eta Zaldibiak jokatu duten 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finala. Donostiako Atano III.a frontoia bete-betea, bi taldeen zaleak Rural Kutxak banatutako elastiko gorri eta urdinak soinean, haien berotasuna eta errespetua era berean, pilotarien maila eta jarrera bikainak, emozioa azken unera arte... Oiartzunek jantzi zuen azkenean txapela. Eta festa paregabea bizi izan zen frontoian. Zorionak denoi!
Ekainak 29, larunbata, 16:30, Donostia-Atano III.a
OIARTZUN 2 / ZALDIBIA 1. OIARTZUN TXAPELDUN
1. Eskuz binaka, kadeteak:
2. Eskuz binaka, jubenilak:
3. Eskuz binaka, nagusiak:
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidente Itziar Leterekin batera, bi babesleen ordezkariek banatu zituzten sariak: Rural Kutxako Aitor Urretabizkiak eta Aramendia pasteleriako Iagoba Ezamak, hain zuzen. Zaldibiko pilotariak eta Eneko Aristi botileroa agertu ziren jendaurrera lehenik, frontoira bildutakoen txalo zaparrada artean, eta Ioritz Berra Zaldibiko alkateak jaso zuen herriaren saria. Ondoren agertu ziren Oiartzungo pilotariak eta Asier Retegi botileroa txapela janztera, eta Edorta Fernandez Oiartzungo Kirol zinegotziak jaso zuen herriaren garaikurra. Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria ere present izan zen larunbatean, eta jaialdi amaieran pankarta zabaldu zuten pilotariek eta zaleek eta argazkia atera zuten guztiek elkarrekin.
Baina sariak eta txapelak jaso zituzten pilotariek soilik ez dituzte osatzen herrien taldeak, eta Oiartzungo eta Zaldibiko ordezkaritza osorik gogoratu nahiko genuke. Ondorengo pilotariek osatu dute, hain zuzen ere, Oiartzungo taldea 2024ko edizioan: Haitz Aranburu Mutiloa, Oier Bergara Zeberio, Ekhi Caetano Etxebeste, Oihan Etxeberria Iparragirre, Aitor Etxeberria Juaristi, Oihan Etxepare Odriozola, Aitzol Galardi Makazaga, Aritz Hevia Bras, Ekhi Iradi Beloki, Unax Landa De Marcos, Aitor Larralde Maritxalar, Axel Lasa Gelbentzu, Mikel Leonet Arotzena, Ekain Mitxelena Olague, Unax Oiartzabal Goia, Manex Olaiz Etxeberria, Xabat Olaiz Etxeberria, Beñat Ormaetxea Romero, Anartz Otaegi Garzon, Alex Otegi Mayoz, Iñigo Ugalde Muguruza, Ainitze Zabalegi Iparragirre, Oier Zabaleta Ibarra, Eneko Zalakain Deskarga, Xuban Zapirain Erdozio eta Unai Zelaiaran Orbegozo. Eta honakoek Zaldibia: Aratz Aranburu Izagirre, Beñat Arrese Elorza, Aitor Elizegi Armendariz, Aetz Lopez Murua, Lide Lopez Murua, Suhar Mantzizidor Jauregi, Iñigo Mendizabal Gorostizu, Jokin Mendizabal Gorostizu, Jon Mendizabal Gorostizu eta Alex Sukia Garmendia.
Garaipen honekin, bere laugarren txapela lortu du Oiartzunek, eta azken hirurak jarraian irabazi ditu azken hiru ediziotan: 2022an (Azpeitia txapeldunorde), 2023an (Azpeitia txapeldunorde) eta 2024 (Zaldibiari); bestea, lehenengoa, 2013ko edizioan jantzi zuten oiartzuarrek (Tolosaren aurka). Beste 3 aldiz txapeldunorde izan dira: 2014an (Donostiak irabazi zuen), 2017an (Azpeitiarentzat txapela) eta 2021ean (Azpeitia txapeldun). Herriarteko Eskuzko Txapelketaren 56 edizioetatik 40 alditan hartu du parte Oiartzunek, eta 7 final jokatu ditu. Zaldibiak, berriz, 25 aldiz hartu du parte txapelketan, eta hauxe izan da bere lehendabiziko finala. Ez du txapelik lortu, baina oso gutxigatik, eta harro egon daiteke egindako ibilbideaz.
Txapelak aipatuz, Azkoitia da nagusi Herriarteko Eskuzko Txapelketan, 16 baititu (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); jarraian da Azpeitia, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); Donostia, 6rekin (4tan txapeldunorde); Hernani, 5ekin (6tan bigarren); Segura eta Oiartzun, 4rekin (4 aldiz azpitxapeldun Segura eta 3 Oiartzun); Arrasate, 3kin (inoiz ez azpitxapeldun); Bergara, Zumarraga eta Idiazabal, 2rekin (hurrenez hurren, 2, 2 eta 0 bider azpitxapeldun); eta Usurbil, Amezketa, Astigarraga eta Soraluze, txapel banarekin (bigarren 3, 2, 1 eta 0 aldiz, hurrenez hurren). Ondorengo herriek txapelik ez dute, baina txapeldunorde izan dira Herriartekoan: Oñati, Tolosa, Zestoa, Urretxu, Beasain, Irun, Aretxabaleta, Lasarte-Oria, Berrobi eta Ataun (Oñati 4 aldiz izan da azpitxapeldun, Tolosa 3 bider, Zestoa 2tan eta gainontzeko guztiak behin).
Aurten 18 herri lehiatu dira eskuz:
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean eskuragarri dago txapelketaren inguruko informazio guztia. Eta Argazki galeriak txokoan hainbat irudi bildu ditugu. |
|