Eskuzko eta paletako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketak hasiko dira jardunaldi honetan
2023/10/17 | Lehiaketa
2. urteko alebinak eta infantilak ariko dira eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan, eta infantil kategoriakoak paletakoan; paletako finala abenduaren 2an izango da ikusgai, Villabonan, eta eskuz banakakoak abenduaren 31ko jardunaldian, oraindik zehazteko dauden egoitzetan
Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan buru-belarri ari dira kadete, jubenil eta nagusi kategorietako pilotariak. Eta Errendimenduko ibilbideko pilotari alebinak eta infantilak ere lehian hasiko dira, jardunaldi honetan (2023-10-22). Izan ere, asteburuan hasiko dira eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa eta paletako (molle-pelle) Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa. Ondorengo lerroetan laburbilduko ditugu bataren zein bestearen xehetasunak:
ERRENDIMENDUKO GIPUZKOAKO TXAPELKETA (ESKUZ BANAKA, 2. URTEKO ALEBINAK ETA INFANTILAK)
Denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa izaten da hauxe, eskuzko espezialitateari dagokionean, eta urte bukaerara arte luzatzen da. Ondoren, urte berriarekin batera, eta martxora bitarte gutxi gorabehera, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatu ohi da. Azkenik, apirila aldean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izaten dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.
Esan bezala, buruz buru lehiatuko dira pilotariak lehendabiziko txapelketa honetan (baina beti ere klubaren izenean).
2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartuko dute parte txapelketan. Edizio honetan, 1. eta 2. maila izango dira alebinetan; eta 1., 2. eta 3. maila infantiletan.
32 bat pilotarik eman du izena eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan: alebinetan 136 pilotari lehiatuko dira (51 1. mailan eta 85 2. mailan), eta infantiletan 196 (45 1. mailan, 111 2. mailan eta 40 3. mailan).
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 22ko jardunaldian hasi eta azaroaren 19ra bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6. postura sailkatutakoek eskualdeko txapelketak, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.
Final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 31ko jardunaldian jokatuko dituzte, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.
Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketaren informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean kontsulta daiteke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin.
ERRENDIMENDUKO GIPUZKOAKO TXAPELKETA (MOLLE-PELLE PALETA, INFANTILAK)
Aurreko denboraldian antolatu zen, estreinakoz, eta, arrakasta ikusita, aurten ere paletako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da (molle-pelle pilotarekin). Infantil kategoriako neska-mutilak ariko dira, binaka, eta asteburu honetan (2023-10-22) ekingo diote lehiari.
10 taldek eman du izena, eta bi multzotan banatu ditugu:
A MULTZOA
B MULTZOA
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 22ko jardunaldian hasi eta azaroaren 19kora bitartean. Egoitzetan jokatuko dituzte partidak, larunbat arratsaldetan. Hauxe da aurreikusitako egutegia:
Ligaxkan multzo bakoitzeko 1. eta 2. postuan sailkatutakoek jokatuko dute azken fasea.
Hala, azaroaren 25ean aurreikusten dira finalerdiak, Hernanin. Eta abenduaren 2an finala, Villabonan.
Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa-Paleta (molle-pelle)-Infantilak atalean aurki daitezke txapelketari buruzko xehetasun guztiak. Eta Kartelera atalean asteroko jarraipena egin daiteke. |
|