Mutriku vs Hondarribia, Oiartzun vs Azpeitia eta Astigarraga vs Mutriku, Herriarteko finalak

2023/06/22 | Lehiaketa

Asteburuan izango dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako zesta-puntako, eskuzko eta gomazko paletako finalak: Mutrikuk eta Hondarribiak jokatuko dute zesta-puntakoa, ostiralean, Mutrikun; Oiartzunek eta Azpeitiak eskuzkoa, larunbatean, Donostian; eta Astigarragak eta Mutrikuk gomazko paletakoa, igandean, Azkoitian

Bukatzear da 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Asteburu honetan, hain zuzen ere, jokatuko dituzte gelditzen diren hiru finalak: eskuzkoa, zesta-puntakoa eta gomazko paletakoa (palako lehiakoa ekainaren 10ean izan zen, eta Donostiak jantzi zuen txapela). Ostiralean izango da ikusgai lehen finala, zesta-puntakoa: Mutriku eta Hondarribia izango dira nor baino nor gehiago, 19:30ean, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Larunbatean eskuzkoa jokatuko dute Oiartzunek eta Azpeitiak, 16:30ean, Donostiako Atano IIIl.ean. Eta igandean, azkenik, gomazko paletakoa: Astigarraga vs Mutriku, 11:00etan, Azkoitiko Gurea frontoian. Ondorengo lerroetan xehetuko ditugu datu gehiago.

 

 

 

 

Mutrikuk eta Hondarribiak jokatuko dute, esan bezala, Herriarteko Zesta-punta Txapelketako finala, ostiralean, 19:30ean, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Ligaxka amaituta, lehen eta bigarren postuan sailkatu baitira bi herriak:

 

Ekainak 23, ostirala, 19:30, Mutriku-Miruaitz


1. Zesta-punta, kadeteak:
MUTRIKU / HONDARRIBIA

2. Zesta-punta, jubenilak:
MUTRIKU / HONDARRIBIA

3. Zesta-punta, nagusiak:
MUTRIKU / HONDARRIBIA
 

 

Pilotari hauek osatu dute Mutrikuko taldea aurtengo Herriartekoan: Alain Agirregomezkorta, Oinatz Agirregomezkorta, Aitor Andonegi, Lander Andonegi, Zuhaitz Arrillaga, Aiert Beristain, Aratz Egaña, Izei Garcia, Yon Iparragirre, Ekhi Lete, Eneritz Lizardi, Mikel Manzisidor, Jon Iñaki Mendizabal, Aiur Txurruka, Eñaut Urreisti eta Unax Zubizarreta.

Eta ondorengoek Hondarribikoa: Anton Agueda, Mikel Amboage, Beñat Barbero, Julen Basterra, Mattin Bereau, Eneko Elduaien, Iker Enparan, Aiert Goikoetxea, Oier Kanpandegi, Joar Laka, Miguel Pop, Manex Zamora eta Jon Zazpe.

 

 

Mutrikuk Herriarteko Zesta-punta Txapelketaren 25 edizioetatik 13tan hartu du parte, eta 11 final jokatu ditu (aurtengoarekin, 12.a)7 aldiz izan dira txapeldun mutrikuarrak, azkena iaz: 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2019 eta 2022 urteetan irabazi zituen finalak. Eta beste 4 bider txapeldunorde: 2011n, 2012an, 2018an eta 2021ean. 

Hondarribia, berriz, 5 ediziotan lehiatu da. Eta bere lehendabiziko finala izango da aurtengoa.

Bi herriek, beraz, ez dute oraindik finalik jokatu elkarren aurka.

 

 

Palmaresari dagokionez, Zumaia da sailkapen buru, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Mutriku da atzetik, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun). Gero, Tolosa, 4rekin (6 aldiz bigarren). Eta Donostia ondoren, 3 txapelekin (2tan txapeldunorde). Andoainek ez du txapelik irabazi, baina azpitxapeldun izan da behin.

 

 

Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Zumaia sailkatu zen bigarren.

 

 

Herriarteko Zesta-punta Txapelketaren xehetasun guztiak Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Zesta-punta atalean daude ikusgai.

 

 

 

 

Oiartzun vs Azpeitia. Hauxe izango da 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketako finala. Aurreko edizioko finala errepikatuko da, beraz. Larunbatean neurtuko dituzte indarrak bi herriek, 16:30etik aurrera, Donostiako Atano III.a pilotalekuan:


 

Ekainak 24, larunbata, 16:30, Donostia-Atano III.a

 

1. Eskuz binaka, kadeteak:
OIARTZUN / AZPEITIA

2. Eskuz binaka, jubenilak:
OIARTZUN / AZPEITIA

3. Eskuz binaka, nagusiak:
OIARTZUN / AZPEITIA

 

 

Ondorengo pilotariek osatu dute Oiartzungo taldea: Haitz Aranburu, Oier Bergara, Ekhi Caetano, Egoitz Etxabe, Oihan Etxeberria, Aitor Etxeberria, Aitzol Galardi, Markel Goia, Aritz Hebia, Ekhi Iradi, Unax Landa, Axel Lasa, Mikel Leonet, Ekain Mitxelena, Paul Oiartzabal, Unax Oiartzabal, Manex Olaiz, Xabat Olaiz, Ekaitz Salaberria, Andoni Ugalde, Imanol Ugalde, Iñigo Ugalde, Oier Zabaleta, Eneko Zalakain eta Unai Zelaiaran.

Eta honakoek ordezkatu dute Azpeitia: Ugaitz Aranguren, Ioritz Arsuaga, Jokin Artetxe, Unai Astigarraga, Manex Azpiazu, Aimar Egiguren, Urtzi Egiguren, Iker Egiguren, Jakes Elosegi, Beñat Ezama, Mikel Iturralde, Beñat Labaka, Josu Labaka, Haritz Larrañaga, Oier Larrañaga, Aner Lizaso, Eneko Odriozola, Iker Otaegi, Oier Revuelta eta Iñigo Sarasua.

 

 

Ataun eta Andoain gelditu dira aurten finalaren atarian.

Ataunek 3na berdindu zuen Oiartzunekin finalerdietan, baina aldeko tanto kopuruak finalerako txartela eman zien oiartzuarrei: 2-1 irabazi zuen Ataunek joanekoan (0-22, 22-20, 22-16) eta 2-1 Oiartzunek itzulerakoan (22-2, 22-5, 14-22).

Andoainek 0-6 galdu zuen Azpeitiaren aurka: 0-3 joanekoan (6-22, 2-22, 12-22) eta 3-0 itzulerakoan (22-8, 22-2, 22-6).

 

 

Herriarteko Eskuzko Txapelketaren 55 edizioetatik Oiartzunek 39 alditan hartu du parte, eta Azpeitiak 45 bider.

Oiartzunek 5 final jokatu ditu Herriartekoan, aurtengoarekin 6.a. 2 txapel ditu irabazita, iaz azkena: 2013an (Tolosaren aurka) eta 2022an (Azpeitiaren kontra). Eta 3 aldiz izan da txapeldunorde: 2014an (Donostiak irabazi zuen), 2017an (Azpeitiaretzat txapela) eta 2021ean (Azpeitia txapeldun).

Azpeitiak 13 final jokatu ditu torneo honetan, larunbatekoarekin 14.aHorietatik, 8tan jantzi du txapela: 2004an (Hernaniren aurka), 2008an (Donostiari irabazita), 2010ean (Hernaniri), 2015ean (Tolosa mendean hartuta), 2016an (Astigarragaren kontra), 2017an (Oiartzunen aurka), 2018an (Atauni nagusituta) eta 2021ean (Oiartzuni). Eta beste 5etan izan da txapeldunorde, azkena iaz: 1995 eta 1996an (bietan Azkoitiak irabazi zuen), 2007an (Arrasaterentzat txapela), 2019an (Astigarraga nagusitu zen) eta 2022an (Oiartzun txapeldun). 

 

 

Esan bezala, bi herriek hiru final jokatu dituzte elkarren aurka, 2017an, 2021ean eta 2022an. Lehen bietan Azpeitiak jantzi zuen txapela, eta azkenekoan Oiartzunek.

 

 

Txapelak aipatuz, Azkoitia da nagusi Herriarteko Eskuzko Txapelketan, 16 baititu (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde). Segidan dira Azpeitia, 8 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); Donostia, 6rekin (4tan txapeldunorde); Hernani, 5ekin (6tan bigarren); Segura, 4rekin (4 aldiz azpitxapeldun); Arrasate, 3kin (inoiz ez da txapeldunorde izan); Oiartzun, Bergara, Zumarraga eta Idiazabal, 2rekin (hurrenez hurren, 3, 2, 2 eta 0 bider azpitxapeldun); eta Usurbil, Amezketa, Astigarraga eta Soraluze, txapel banarekin (bigarren 3, 2, 1 eta 0 aldiz, hurrenez hurren). Ondorengo herriek txapelik ez dute, baina txapeldunorde izan dira Herriartekoan: Oñati, Tolosa, Zestoa, Urretxu, Beasain, Irun, Aretxabaleta, Lasarte-Oria, Berrobi eta Ataun (Oñati 4 aldiz izan da azpitxapeldun, Tolosa 3 bider, Zestoa 2tan eta gainontzeko guztiak behin).

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Eskua atalean dago eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia.

 

 

 

 

Azkenik, igandean, 11:00etan, Azkoitiko Gurea pilotalekuak hartuko du Herriarteko Gomazko paleta Txapelketako finala. Finalista berriak izango ditu, gainera, lehiak: Astigarraga eta Mutriku:

 

Ekainak 25, igandea, 11:00, Azkoitia-Gurea


1. Gomazko paleta, banaka frontoi osoan:
ASTIGARRAGA / MUTRIKU

2. Gomazko paleta, binaka:
ASTIGARRAGA / MUTRIKU

3. Gomazko paleta, banaka 7aren barruan:
ASTIGARRAGA / MUTRIKU

 

 

Pilotari hauek ordezkatu dute Astigarraga txapelketa honetan: Axier Luluaga, Asier Salaberria, Mikel Txoperena, Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain.

Eta ondorengoek Mutriku: Ion Agirrebeña, Igor Elezgarai, Xabier Garalde, Joxe Miguel Gutierrez, Fermin Landa, Jose Mari Manzisidor, Andoni Olano, Aito Santiago eta Patxi Josu Zubizarreta.

 

 

Donostia eta Hernani gelditu dira aurten finalaren atarian.

3na berdindu zuten finalerdietan Donostiak eta Astigarragak, baina aldeko tanto kopuruak eman zien sailkapena Astigarragakoei (2-1 irabazi zuen Donostiak joanekoan: 20-7, 20-19, 12-20; eta 2-1 Astigarragak itzulerakoan: 20-16, 16-20, 20-2).

Eta Hernanik 2-4 galdu zuen Mutrikuren kontrako kanporaketa (3-0 galdu joanekoan: 20-4, 20-13, 20-13, eta 2-1 irabazi itzulerakoan: 20-14, 6-20, 20-7).

 

 

Mutrikuk Herriarteko Gomazko paleta Txapelketaren 4 ediziotan hartu dute parte eta Astigarragak guztietan, 5.

Bientzat lehendabiziko finala izango da txapelketa honetan eta gogotsu daude, beraz, lehendabiziko txapela janzteko.

 

 

Txapelei dagokienean, hain justu, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Atzetik da Donostia, txapel batekin (beste 2tan txapeldunorde). Eta ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa: ez dute txapelik, baina biak behin izan dira azpitxapeldun.

 

 

2022eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.

 

 

Txapelketaren xehetasun guztiak ikusgai daude gure webgunearen Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Gomazko paleta atalean.

 

 

 

 

Denera, 41 herri eta 417 pilotari elkartu ditu txapelketak: 210 eskuz, 62 palaz, 104 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz.

Rural Kutxa da 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren babeslea. Eta Bertako-ren laguntza ere jaso du hitzorduak.

Zorte on denoi!

 

Finala zesta-punta Finala eskua Finala gomazko paleta

 

 














Babesleak

Ir arriba