Aurrera darrai Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak
2023/05/18 | Lehiaketa
Larruzko paleta eta pala motzeko lehiaren finalerdietara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu asteburuan, eta final-laurdenetara nortzuk sailkatuko diren eskuz eta gomazko paletaz; zesta-puntaz, ligaxkako 2. jardunaldia jokatuko dute
![]() Aurrera darrai Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak. Hurrengo faseetara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu, asteburuan, eskuzko, larruzko paleta eta pala motzeko eta gomazko paletako lehietan; zesta-puntaz, bestalde, ligaxkako beste jardunaldi bat jokatuko dute. Eskuz, zehazki, final-laurdenetara zeintzuk saikatuko diren argituko da jardunaldi honetan; oraingoz, Ataun (1-2 irabazi zion Zumarragari) final-zortzirenen joanekoan), Altzo (2-1 Hernaniri), Oiartzun (0-3 Zaldibiari), Azkoitia (0-3 Adunari), Tolosa (1-2 Zestoari), Andoain (1-2 Idiazabali), Azpeitia (0-3 Larrauli) eta Amezketa (1-2 Oñatiri) dira aurretik. Larruzko paleta eta pala motzez, finalerdietarako sailkapena izango dute jokoan; Azpeitiak eta Debak eta Andoainek eta Errenteriak bana berdindu zuten final-laurdenen joanekoetan, eta Donostiak 0-2 irabazi zion Ordiziari. Zesta-puntaz, ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko dute Mutrikuk eta Hondarribiak, eta atseden izango du Zumaiak. Eta gomazko paletaz, azkenik, final-laurdenetarako txartelak lortzeko lehiatuko dira; Azkoitia (1-2 irabazi zion Debari ), Donostia (1-2 Zarautzi), Oiartzun (2-1 Zumarragari), Anoeta (2-1 Andoaini), Mutriku (3-0 Tolosari) eta Zestoa (3-0 Zumaiari) aurreratu ziren final-zortzirenen joanekoetan.
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
MAIATZAK 19, OSTIRALA
- 18:00, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN / ZALDIBIA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:00, Errenteria-Agustina Otaola: ERRENTERIA / ANDOAIN (larruzko paleta eta pala motza, final-laurdenak, itzulerakoa) - 19:00, Ataun-Auzoeta: ATAUN / ZUMARRAGA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:15, Donostia-Altza: DONOSTIA / ORDIZIA (larruzko paleta eta pala motza, final-laurdenak, itzulerakoa) - 19:15, Zumaia-Aitzuri: ZUMAIA / ZESTOA (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:30, Amezketa-Larrunarri: AMEZKETA / OÑATI (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 19:45, Andoain-Arrate: ANDOAIN / IDIAZABAL (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 20:00, Donostia-Loiola: DONOSTIA / ZARAUTZ (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 20:00, Deba-Aldats: DEBA / AZPEITIA (larruzko paleta eta pala motza, final-laurdenak, itzulerakoa) - 21:00, Zumarraga-Beloki: ZUMARRAGA / OIARTZUN (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 22:00, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / LARRAUL (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 22:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / ADUNA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa)
MAIATZAK 20, LARUNBATA - 10:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / DEBA (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 11:00, Amezketa-Larrunarri: TOLOSA / ZESTOA (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 17:00, Tolosa-Beotibar: TOLOSA / MUTRIKU (gomazko paleta, final-zortzirenak, itzulerakoa) - 18:30, Hernani-Udalekoa: HERNANI / ALTZO (eskua, final-zortzirenak, itzulerakoa)
MAIATZAK 21, IGANDEA
- 11:00, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU / HONDARRIBIA (zesta-punta, ligaxka, 2. jardunaldia)
Aurtengo edizioan, 17 herrik eman du izena eskuko lehian, 7 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez, 14 gomazko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Denera, 41 herri eta 417 pilotari elkartuko ditu txapelketak: 210 eskuz, 62 palaz, 104 gomazko paletaz eta 41 zesta-puntaz. Hauexek dira parte hartuko duten herriak:
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
GOMAZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Eskuz, iazko herri kopuru bera izango da, 17, baina aldaketak izan dira izen-ematean: Alegia, Amasa-Villabona, Aretxabaleta eta Lasarte-Oria ez dira izango; baina Aduna, Altzo, Larraul eta Zumarraga batu dira zerrendara. Aipatu beharra dago, gainera, Larraul herriak lehendabiziko aldiz hartuko duela parte txapelketa honetan. Palako lehian, 7 herri izango dira, aurrekoan baino bi gutxiago: Olaberria (azken unean) eta Tolosa dira baja; eta ez dago talde berririk. Gomazko paletaz, herri bat gutxiago lehiatuko da, 14: aurten ez dute jokatuko Aiak, Errenteriak eta Soraluzek; eta bai, ordea, Debak eta Zumaiak. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioko berberak.
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 11ko asteburuan. Eta eskuzkoa, gomazko paletakoa eta zesta-puntakoa ekainaren 25eko jardunaldian jokatuko dituzte: eskuzkoa larunbatean, ekainak 24, Donostiako Atano III.ean; eta beste biak, palakoa bezala, oraindik zehazteko dauden egun eta egoitzetan.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak eta Andoainek dituzte txapel gehien, 7 (6na aldiz izan dira txapeldunorde); Errenteria eta Olaberria dira atzetik, 6na txapelekin (4 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Errenteriak irabazi zuen aurreko edizioan, eta Andoain izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Zumaia sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik da Donostia, txapel batekin (beste 2tan txapeldunorde). Ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa; biak izan dira behin azpitxapeldun. 2022eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxa da 2023ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren babeslea.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean eskuragarri dago txapelketaren inguruko informazio guztia.
*Argazkiak: Gaztelupe eta Eple klubak. |
|