Paletako eta eskuko topaketak egunotan eskola adineko pilotarientzat
2022/12/27 | Topaketak eta ospakizunak
Hilaren 28an, benjamin eta alebin kategorietako 60 bat neska-mutil elkartuko dira bigarren paleta topaketan, Bidanian; eta urtarrilaren 3an, benjamin, alebin eta infantil kategorietako 27 bat neska pilotarik lehendabiziko eskuko topaketa izango dute, Villabonan
![]() Eskola Kirolean zenbait aldaketa eta berrikuntza izaten ari dira 2022-23 denboraldian. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF), besteak beste, hainbat topaketa antolatu ditu eskola adineko pilotarientzat. Bai paletaz bai eskuz, lurralde osoko neska eta mutilentzat, espezialitate horietan trebatzeko, jende berria ezagutzeko, ondo pasatzeko, euskal pilotaz disfrutatzeko xedez. Benjamin eta alebin kategorietako pilotariek lehendabiziko paleta topaketa izan zuten, azaroan, Amasan. Eta, Gabonetako oporrak aprobetxatuz, asteazken honetan, hilak 28, bigarrena izango dute, Bidania-Goiatzen. Berriz, datorren asteartean, urtarrilak 3, benjamin, alebin eta infantil kategorietako Gipuzkoako neska pilotariek lehendabiziko eskuko topaketa izango dute, Amasa-Villabonan.
Hilaren 28an izango den paleta topaketan, 60 bat pilotari elkartuko dira: benjamin kategoriako 28 (2 neska eta 26 mutil) eta alebin kategoriako 32 (15 neska eta 17 mutil). 16:00etan hasiko dira saioak, Bidaniako frontoian: 16:00etatik 17:15era bitarte, benjamin mutilak ariko dira; 17:15etik 18:30era, benjamin eta alebin nesken txanda izango da; eta, azkenik, 18:30etik 19:45era, alebin mutilek jardungo dute. Bakoitzak bere pala eraman beharko du, baina gainontzeko materiala eta baliabideak federazioak jarriko ditu. Ez da beharrezkoa izango zuriz jantzita joatea.
Nesken lehendabiziko eskuko topaketa, bestalde, urtarrilaren 3an, asteartean, izango da, Villabonan. 27 pilotarik eman du izena: benjamin kategoriako 8, alebin kategoriako 14 eta infantil kategoriako 5. 10:00etan hasiko dira saioak: 10:00etatik 11:00etara, benjaminak ariko dira; 11:00etatik 12:00etara, alebinak; eta 12:00etatik 13:00etara infantilak. Saio guztietan hasierako zatian entrenamendu-jokoak egingo dituzte, eta ondoren partidatxoak. Pilota goxoak erabiliko dira saioetan. Eta ez da txuriz jantzita joan beharko.
Hitzordu polittak dituzte, beraz, Gipuzkoako pilotari gaztetxoenek. Ondo pasa!
*Argazkiak: Behar Zana eta Oiangu klubak. |
|