Aurten ere ez da posible izan

2022/10/10 | Lehiaketa

Bizkaiak irabazi du, berriz ere, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala, eta Gipuzkoak ezin izan du etxera ekarri bere lehendabiziko txapela; bi taldeek dagoeneko bost final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan

Aurten ere ez da posible izan. Bizkaiak irabazi du, berriz ere, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala. Eta Gipuzkoak, hala, ezin izan du etxera ekarri bere lehendabiziko txapela:

 

 

 

Urriak 8, larunbata, 18:00, Otxandio (Bizkaia)


BIZKAIA 8 

GIPUZKOA2 2

 

 

 

Txapelketako final guztiak bildu ditugu ondorengo taulan:

 

EDIZIOA URTEA TXAPELDUNA TXAPELDUNORDEA
1 2016 Lapurdi 1 Gipuzkoa 2
2 2017 Bizkaia Gipuzkoa 2
3 2018 Bizkaia Gipuzkoa 1
4 2019 Bizkaia Gipuzkoa 2
5 2020 Bizkaia 2 Bizkaia 1
6 2021 Bizkaia 1 Gipuzkoa
7 2022 Bizkaia Gipuzkoa 2

 

 

 

Seigarren txapela da aurtengoa bizkaitarrentzat; ez ziren izan txapelketaren lehendabiziko edizioan, baina gainontzeko guztiak irabazi dituzte.

Gipuzkoak ere zazpi edizioetatik seitan jokatu du finala, baina txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan du guztietan. Hala ere, aurkari gogorra izan da beti, eta larunbatean ere talde lehiakorra izan zuten aurrean bizkaitarrek.

Oso ondo hasi zen Bizkaiko taldea. 3-1 aurretik zihoazela, Gipuzkoa 2k 3-2 jartzeko aukera izan zuen. Baina orduan partidako joko luzeena bizkaitarren markagailura igo zen, azkenean, eta hortik aurera lehia kotrolpean izan zuten haiek.

Jendetza bildu zen Otxandioko plazara, eta giro paregabea sortu zen finalaren inguruan.

 

 

 

Pilotari hauek osatu dute Gipuzkoa 2 taldea: Ugaitz Belaunzaran Otaegi, Iñaki Esnal Aizpurua, Iraitz Irazu Eizagirre, Xuban Irazu Eizagirre, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi eta Xabier Urbieta Otaegi.

 

 

 

Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta: Araba, Bizkaia, Iparralde 1-Senpere 2 (Lapurdi) eta Iparralde 2-Amikuze (Nafarroa Beherea) A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Iparralde 3-Senpere 1 (Lapurdi) eta Iparralde 4-Itsasuarrak (Lapurdi) B multzoan.

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba