Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du Gipuzkoak, larunbatean
2022/10/05 | Lehiaketa
Gipuzkoa 2k Iparralde 1-Senpere taldeari irabazita lortu du finalerako txartela; lehendabiziko txapela jantzi ahal izateko, edizio gehienetako txapeldun Bizkaiari egin beharko diote aurre gipuzkoarrek; 18:00etan hasiko da lehia, Otxandion
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du, aurten ere, Gipuzkoak. Gipuzkoa 1 taldeak finalerdietan esan zion agur txapelketari, Bizkaiaren kontra galduta. Baina Gipuzkoa 2k finalerako txartela lortu du asteburuan, beste finalerdian Iparralde 1-Senpere taldeari irabazita. Hortaz, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek neurtuko dituzte indarrak finalean; larunbatean izango da aurrez aurrekoa, 18:00etatik aurrera, Otxandion (Bizkaia):
Urriak 8, larunbata, 18:00, Otxandio (Bizkaia)
Beraien lehendabiziko txapela ekarri nahi dute etxera gipuzkoarrek, baina horretarako ia edizio guztietako txapelduna hartu beharko dute mendean. Bai Gipuzkoak bai Bizkaiak txapelketaren ia final guztiak jokatu dituzte: 7 finaletatik 6, hain zuzen ere; Gipuzkoa ez zen izan 2020ko finalean, eta Bizkaia ez zen egon 2016koan. 5 txapel ditu Bizkaiak, jokatutako final guztiak irabazi baititu. Gipuzkoa, berriz, denetan, bost aldiz, izan da txapelunorde. Ea oraingoan urte hauetako arantza atera eta txapela buruan itzultzen diren etxera. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako edizio guztietako finalak bildu ditugu ondorengo taulan:
Pilotari hauek osatzen dute Gipuzkoa 2 taldea: Ugaitz Belaunzaran Otaegi, Iñaki Esnal Aizpurua, Iraitz Irazu Eizagirre, Xuban Irazu Eizagirre, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi eta Xabier Urbieta Otaegi.
Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta: Araba, Bizkaia, Iparralde 1-Senpere 2 (Lapurdi) eta Iparralde 2-Amikuze (Nafarroa Beherea) A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Iparralde 3-Senpere 1 (Lapurdi) eta Iparralde 4-Itsasuarrak (Lapurdi) B multzoan.
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan hainbat irudi daude ikusgai. |
||||||||||||||||||||||||||||