Jokoan da Enrique Abril Errebote Txapelketa
2017/08/29 | Lehiaketa
Behar Zana, Luzean, Txost eta Zubieta taldeak lehiatuko dira; urriaren 8rako aurreikusten da finala, Oiartzunen
Igande honetan (2017-09-03) ekingo diote Enrique Abril Errebote Txapelketari. Lehia honekin hasiko da, hala, Gipuzkoako lehiaketa ofizialen 2017-18 denboraldia.
Aurten Euskal Herriko lau talde lehiatuko dira: Gipuzkoako Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); eta Lapurdiko Luzean (Donibane Lohizune).
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, denek denen aurka, irailaren 3tik 24ra bitartean. Partida guztiak Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazetan izango dira.
Bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren taldeek finalerdia jokatuko dute, partida batera, urriaren 1ean (eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren martxa).
Eta irabazleak finala jokatuko du, lehenengo faseko aurreneko sailkatuaren aurka. Finala Oiartzungo plazan jokatuko da, printzipioz, urriaren 8an.
Txapelketaren informazio osatua nahi izanez gero, Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril atalera jo daiteke; baita astero-astero txapelketaren jarraipena egin ere, Kartelera txokoan. |
|