Aurten ere ihes egin dio txapelak Gipuzkoari

2019/10/30 | Lehiaketa

Faboritotzat jotzen zen Bizkaiak irabazi du, beste behin, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa, finalean 7-3ko emaitzarekin nagusituta; baina maila polita erakutsi dute berriz ere gipuzkoarrek

Aurten ere ezinezkoa izan da. Gipuzkoak ezin izan du IV. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala irabazi, eta Bizkaiak jantzi du berriro txapela.

Bizkaitarrek hasieratik utzi zuten argi faborito zirela. Lehendabiziko jokoa estu hartu zuten bi taldeek, baina 4 berdinketa egin eta gero azkenean jokoa Bizkaiarentzat izan zen. Eta hortik aurrera nagusitasunez jardun zuten, eta 5-0eko tartea ireki zuten. Partidaren azken txanpan Gipuzkoa 2 taldeak bere maila erakutsi zuen, eta 5-2 jarri zen markagailuan. Baina araudiak ezarritako 75 minutuak beteta, bizkaitarren aldeko 7-3ko emaitzarekin bukatu zen finala. 

 


Urriak 27, igandea, 12:00, Berriz-Berrizburu plaza

 

BIZKAIA 7 vs GIPUZKOA BI 3

 

 

 

Ondorengo pilotariek osatu dute Gipuzkoa 2 taldea: Jon Urbieta, Andoni Urbieta, Ibai Urbieta, Gaizka Iruretagoiena, Iñaki Esnal, Aimar Orbegozo, Adrian Bengoa eta Jon Ander Esnaola.

 

 

 

Txapelketaren edizio guztietan iritsi da Gipuzkoa finalera, baina oraindik ez du txapelik janzterik lortu: lehendabizikoan Lapurdi 1ek irabazi zion, bigarrengoan Bizkaiak jantzi zuen txapela, eta baita hirugarrengoan eta laugarrengoan ere. Dena den, maila ona erakutsi dute beste behin ere gipuzkoarrek.

 

 

 

Guztira, Euskal Herriko 6 taldek hartu du parte Bote Luzeko IV. Txapelketan: Bizkaia, Gipuzkoa 2 eta Iparralde 3 (Nafarroa Beherea) taldeek osatu dute A multzoa, eta Gipuzkoa 1, Iparralde 1 (Itxasu, Lapurdi) eta Iparralde 2 (Senpere, Lapurdi) taldeek B multzoa.

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.

 

 

 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan irudi ugari daude ikusgai.

 

 

 

*Argazkiak: Euskadiko Euskal Pilota Federazioa.

 

 

 






Babesleak

Ir arriba