Luzean eta Zubieta taldeek jokatuko dute, igandean, Enrique Abril Errebote Txapelketaren finala
2016/11/02 | Lehiaketa
11:00etan hasiko da lehia, Villabonako Errebote plazan
Luzean eta Zubieta taldeak izango dira aurrez aurre Enrique Abril Errebote Txapelketaren finalean. Igande honetan izango da (eguraldiak laguntzen badu behintzat), 11:00etatik aurrera, Villabonako Errebote plazan:
Azaroak 6, igandea, 11:00, Villabona-Errebote plaza Luzean / Zubieta
Luzeanek 13-3 hartu zuen mendean Noizbait taldea, joan den igandean (2016-10-30) Oiartzunen jokatutako finalerdian. Eta bestean, Zubietan, Endaiarrak taldearen aurka nagusitu zen Zubieta, 13-5.
Iazko final bera errepikatuko da aurtengo edizioan; Luzeanek irabazi zuen, 13-5eko emaitzarekin. 2013an ere aurrez aurre izan ziren donibandarrak eta zubietarrak, eta emaitza berarekin irabazi zuten lehenek. Eta denboran atzerago eginda ere neurtu dituzte indarrak: 1989an, Zubietakoak izan ziren txapeldun; Yoko Garbi 13-8 gailendu zitzaion Luzeani.
Luzean da, hain zuzen ere, txapel gehien dituen taldea Enrique Abril Errebote Txapelketan: 15, eta beste 10 aldiz izan da txapeldunorde. Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbat, 4rekin (8 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi eta Yoko Garbi, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun eta bigarrenak 6 aldiz). Zubieta taldearentzat lehendabiziko txapela izango litzateke igandekoa; 3 aldiz izan dira txapeldunorde: 2010ean, 2013an eta iaz.
Euskal Herriko zortzi taldek hartu dute parte 2016-17 denboraldiko Enrique Abril Errebote Txapelketan. Horietatik hiru Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta). Eta beste bostak Lapurdikoak: Endaiarrak (Hendaia), Kanboarrak (Kanbo), Luzean (Donibane Lohizune), Noizbait (Hazparne) eta Senpere (Senpere).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril eta Kartelera ataletan kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|