Gipuzkoa 2k jokatuko du Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala, Lapurdi 1en aurka
2016/09/20 | Lehiaketa
Gipuzkoa 1 taldea hartu zuen mendean finalerdian, eta Lapurdi 1ek Lapurdi 2ri irabazi zion; igandean jokatuko dute finala, Leitzan, 12:00etan
Gipuzkoa 2 taldeak jokatuko du Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala. Gipuzkoa 1 hartu zuen mendean joan den igandean (2016-09-18) Zubietan jokatutako finalerdian, 4-7ko emaitzaz. Lapurdi 1 izango dute aurkari gipuzkoarrek, haiek irabazi baitzuten beste finalerdia, Lapurdi 2ren aurka jokatutakoa, 5-3ko emaitzarekin.
Ondorengo lerrotan gipuzkoarren finalerdiaren xehetasunak:
Irailak 18, igandea, Zubieta-plaza GIPUZKOA 1 (Andoni Zabala, Ekaitz Lasa, Julen Chiapuso, Beñat Arzelus, Josu Leonet, Aritz Leonet, Joseba Azpiroz) 4 GIPUZKOA 2 (Ibai Urbieta, Andoni Urbieta, Iñaki Esnal, Jon Urbieta, Julen Jauregi) 7
Leitzak (Nafarroa) hartuko du Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala. Igandean (2016-09-25) izango da ikusgai Gipuzkoa 2ren eta Lapurdi 1en arteko lehia, 12:00etan. Bi talde hauek elkarren kontra aritu ziren txapelketako lehen fasean, eta orduan lapurtarrak nagusitu ziren 3-7ko emaitzaz. Ea oraingoan gipuzkoarrek aurrea hartu eta txapela janztea lortzen duten.
Espezialitate honetako lehendabiziko txapelketa ofiziala izan da aurtengoa. Sei taldek hartu dute parte: A multzoan Gipuzkoa 1, Lapurdi 2 eta Behe Nafarroa, eta B multzoan Lapurdi 1, Lapurdi 3 eta Gipuzkoa 2.
Euskal pilotako espezialitate zaharrena da bote luzea. Joko zuzenetariko bat da; hau da, bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. Tantoak tenisean bezala zenbatzen dira; izan ere, tenisak joko zuzenetatik hartu zuen zenbatzeko era.
Informazio gehiago Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean:http://euskalpilota.com
|
|