Herriarteko Pala Txapelketaren finalistak nortzuk izango diren jakingo dugu asteburuan
2019/05/29 | Lehiaketa
Deba, Oiartzun, Olaberria eta Errenteria lehiatuko dira, larruzko paletaz eta pala motzez, finalerdien itzulikoetan; eskuz, final-laurdenei ekingo diete; zesta-puntaz, 4. jardunaldia jokatuko dute; eta gomazko paletako lehian finalerdietarako pasea izango dute jokoan
Asteburuan jakingo dugu zein bi herrik jokatuko duten 2019ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketako finala. Hain zuzen ere, Deba eta Oiartzun alde batetk, eta Olaberria eta Errenteria bestetik, lehiatuko dira larruzko paletaz eta pala motzez, finalerdien itzulikoetan. Joaneko jaialdietan 0-2 irabazi zion Debak Oiartzuni, eta bana egin zuten Errenteriak eta Olaberriak. Bestetik, eskuz, final-laurdenei ekingo diete Altzok, Azkoitiak, Azpeitiak, Hernanik, Astigarragak, Zestoak, Ataunek eta Tolosak. Zesta-puntaz, ligaxkako 4. jardunaldia izango da ikusgai. Eta gomazko paletaz, azkenik, finalerdietarako txartelen bila lehiatuko dira Hernani, Andoain, Anoeta, Azkoitia, Usurbil, Donostia, Tolosa eta Irun.
Hauxe da, hain zuzen ere, asteburu honetarako kartelera:
MAIATZAK 31, OSTIRALA
- 19:15, Astigarraga-Udalekoa: ASTIGARRAGA / ZESTOA (eskua) - 19:30, Deba-Aldats: DEBA / OIARTZUN (larruzko paleta eta pala motza, FINALERDIA) - 20:00, Hernani-Udalekoa: ANDOAIN / HERNANI (gomazko paleta) - 22:00, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / HERNANI (eskua)
EKAINAK 1, LARUNBATA
- 14:00, Donostia-Loiola: DONOSTIA / USURBIL (gomazko paleta) - 17:00, Altzo-Altzo Muino: ALTZO / AZKOITIA (eskua) - 18:00, Ataun-Auzoeta: ATAUN / TOLOSA eskua) - 18:30, Irun-Artaleku: IRUN / TOLOSA (gomazko paleta)
EKAINAK 2, IGANDEA
- 17:00, Olaberria-Udalekoa: OLABERRIA / ERRENTERIA (larruzko paleta eta pala motza, FINALERDIA)
Apirilaren 16an aurkeztu genuen aurtengo txapelketa, Zubietako Araeta sagardotegian, Tolosako Bridge hizkuntza eskola eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle direnen presentziarekin. Araeta, Astore eta Donostiako Udala dira aurtengo gainontzeko laguntzaileak. Aurkezpen horretan kanporaketen zozketa egin genuen, eta albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketak emandakoak. 19 herrik eman du izena eskuko lehian, 16 ariko dira gomazko paletaz, 8 pala motzez eta larruzko paletaz eta 4 zesta-puntaz. Hain zuzen ere, honakoak dira:
GOMAZKO PALETA
PALA MOTZA ETA LARRUZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paleta eta pala motzeko lehiarena izango da, ekainaren 9ko asteburuan; Donostiako Altza auzoan jokatuko da. Ondoren, gomazko paletako zein zesta-puntako finalen txanda izango da, biak ekainaren 23ko jardunaldian. Gomazkoaren egoitza erabakitzeko dago, eta zesta-puntakoa Zumaian izango da aurten. Azkenik, eskuko finala ekainaren 29an, larunbata, jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
52. edizioa izango da aurtengoa eskuz, 29.a palaz, 22.a zesta-puntaz, eta 2.a gomazko paletaz. Urte hauetan guztietan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Iazko edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Ataun izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Errenteria eta Olaberria dira hirugarren postuan, 5na txapelekin (Errenteria hiru ediziotan txapeldunorde eta Olaberria bitan). Oiartzunek irabazi zuen iaz, eta Errenteria izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 5 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Iazko edizioa Zumaiak irabazi zuen, eta Mutriku sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak estrenatu zuen palmaresa iaz, lehen edizioa irabazita. Eta Azpeitia izan zen txapeldunorde.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|