2019ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, prest

2019/04/17 | Lehiaketa

Jendaurreko zozketak utzi ditu erabakita kanporaketak; 19 herri lehiatuko dira eskuz, 16 paleta gomaz, 8 pala motzez eta larruzko paletaz, eta 4 zesta-puntaz; maiatzaren 5eko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuko lehiarekin, eta gainontzeko espezialitateak maiatzaren 12ko jardunaldian abiatuko dira

Dena dago prest 2019ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari hasiera emateko. Atzo (2019-04-16) egin genuen txapelketaren aurkezpena eta kanporaketen zozketa jendaurrean, Zubietako Araeta sagardotegian. Hainbat herritako ordezkariek eta pilotariek, erakundeetako ordezkariek eta babesleek adi jarraitu zuten ekialdia. Guztiei eskerrak emanez ekin zion aurkezpenari Andoni Lertxundi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren presidenteak. Zubietako Araeta sagardotegiak, Tolosako Bridge hizkuntza eskolak, Astorek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak babestuko dute 2019ko Herriarteko Txapelketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zerbitzuburu Iñaki Iturriozek ere esker oneko hitzak izan zituen federazioarentzat, pilotarientzat eta klubentzat. Guztien lana goraipatu eta lanean jarraitzera animatuz, Aldundia bidelagun izango dutela azpimarratu zuen.

Garbiñe Usarralde, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren izenean, ildo beretik mintzatu zen, eta "txapelketa politta atera dadila" opa zien bildutakoei.

Tolosako Bridge hizkuntza eskolako Ana Oyarzabalek, azkenik, eskerrak eman zizkion Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioari, "hain gurea den kirola babesteko aukera emateagatik". Eta "Good luck!" esanez agurtu zituen bildutakoak.

 

 

 

 

Aurkezpen honen ondoren eta txapelketari buruzko hainbat datu eman eta gero, zozketa egin genuen, kanporaketak finkatzeko. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketak erabakitakoak.

 

 

 

 

19 herrik eman du izena eskuko lehian, 16 ariko dira gomazko paletaz, 8 pala motzez eta larruzko paletaz eta 4 zesta-puntaz. Hain zuzen ere, honakoak dira:

 


ESKUA

  1. Aduna
  2. Aia
  3. Altzo
  4. Amasa-Villabona
  5. Andoain
  6. Aretxabaleta
  7. Asteasu
  8. Astigarraga
  9. Ataun
  10. Azkoitia
  11. Azpeitia
  12. Bergara
  13. Bidania-Goiatz
  14. Donostia
  15. Hernani
  16. Oiartzun
  17. Oñati
  18. Tolosa
  19. Zestoa

 

GOMAZKO PALETA

  1. Aia
  2. Andoain
  3. Anoeta
  4. Astigarraga
  5. Azkoitia
  6. Azpeitia
  7. Donostia
  8. Elgoibar
  9. Errenteria
  10. Hernani
  11. Irun
  12. Mutriku
  13. Soraluze
  14. Tolosa
  15. Usurbil
  16. Zumaia

 

PALA MOTZA ETA LARRUZKO PALETA

  1. Andoain
  2. Deba
  3. Donostia
  4. Errenteria
  5. Lazkao
  6. Oiartzun
  7. Olaberria
  8. Ordizia

 

ZESTA-PUNTA

  1. Donostia
  2. Hondarribia
  3. Mutriku
  4. Zumaia

 

Eskuz, iaz baino herri bat gehiago lehiatuko da aurten: Beasain, Errenteria, Zizurkil eta Zumaia ez dira izango; eta Aduna, Amasa-Villabona, Aretxabaleta, Bergara eta Zestoa dira talde berriak.

Gomazko paletaz, bigarren edizio honetan, iaz bezala, 16 herri lehiatuko dira. Baina aldaketak egon dira: aurten ez dute jokatuko Amasa-Villabonak, Debak, Zestoak eta Zumarragak; eta bai, ordea, Aiak, Irunek, Mutrikuk eta Usurbilek.

Palako lehian, 8 herrik hartuko dute parte, iazko talde berak dira.

Eta, azkenik, zesta-puntaz 4 herri lehiatuko dira, hauek ere iazko berberak.

 

 

 

 

Eskuko lehiarekin hasiko da txapelketa, maiatzaren 5eko asteburuan. Gainontzeko espezialitateek hurrengo jardunaldian, maiatzaren 12koan, ekingo diote txapelketari.

 

 

 

 

Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paleta eta pala motzeko lehiarena izango da, ekainaren 9ko asteburuan; Donostiako Altza auzoan jokatuko da.

Ondoren, gomazko paletako zein zesta-puntako finalen txanda izango da, biak ekainaren 23ko jardunaldian. Gomazkoaren egoitza erabakitzeko dago, eta zesta-puntakoa Zumaian izango da aurten.

Azkenik, eskuko finala ekainaren 29an, larunbata, jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

 

 

 

 

52. edizioa izango da aurtengoa eskuz, 29.a palaz, 22.a zesta-puntaz, eta 2.a gomazko paletaz.

Urte hauetan guztietan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Iazko edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Ataun izan zen txapeldunorde.

Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Errenteria eta Olaberria dira hirugarren postuan, 5na txapelekin (Errenteria hiru ediziotan txapeldunorde eta Olaberria bitan). Oiartzunek irabazi zuen iaz, eta Errenteria izan zen txapeldunorde.

Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 5 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Iazko edizioa Zumaiak irabazi zuen, eta Mutriku sailkatu zen bigarren.

Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak estrenatu zuen palmaresa iaz, lehen edizioa irabazita. Eta Azpeitia izan zen txapeldunorde.

 

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Argazki galeriak txokoan, bestalde, aurkezpeneko hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 

Zorte on denoi eta txapelketa ederra izan dadila!

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba