Oiartzunek irabazi du 2018ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa

2018/06/12 | Lehiaketa

0-2 hartu du mendean Errenteria, eta hirugarren txapela gehitu dio bere palmaresari

Oiartzunek irabazi du 2018ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa. 0-2 hartu zuen mendean Errenteria, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan jokatutako finalean (2018-06-08). Ondoren zehazten dugu jaialdia:

 

 

 

Ekainak 8, ostirala, 19:00, Donostia-Altza



ERRENTERIA 0 / OIARTZUN 2
 

1. Larruzko paleta:
ERRENTERIA (Eskisabel-A.Pichel) 31 / OIARTZUN (Ezkerro-Argote) 35

2. Pala motza:
ERRENTERIA (Martinez-R.Pichel) 26 / OIARTZUN (Aizpuru-Irigoien) 40

 

 

 

Pilotari hauek ordezkatu dute Oiartzun aurtengo Herriartekoan: Oinatz Aizpuru, Orkatz Argote, Joseba Azpiroz, Iñigo Erkizia, Aitor Estefano, Juan Ezkerro, Jon Irigoien, Iñaki Juaristi, Aitor Leonet eta Iker Mujika.

Eta hauek Errenteriako taldea: Garikoitz Aizkorreta, Mikel Bengoetxea, Ibon Eskisabel, Gorka Etxarri, Unai Fernandes, Iñaki Garagarza, Ibai Izquierdo, Aitor Matxain, Yorel Martinez, Abel Pichel, Ruben Pichel eta Donibane Zangitu.

 

 

 

Garaipen honekin, Oiartzunek 3. txapela gehitu dio bere palmaresari; besteak 1996an eta 2001ean lortu zituen. Beste 7 aldiz txapeldunorde izan dira oiartzuarrak: 1995, 1997, 2002, 2004, 2007, 2009 eta 2011 urteetan, hain zuzen ere.

Errenteriak 5 ediziotan jantzi du txapela, lehendabiziko bostetan hain zuzen ere: 1991tik 1995era, biak barne. Eta aurtengo bigarren postuarekin, 3 aldiz izan da dagoeneko txapeldunorde; beste biak, 1996an eta 2010ean. 

 

 

 

Donostiak jarraitzen du sailkapen buru txapelei dagokienean: 7 ditu (eta 6 aldiz izan da txapeldunorde). Atzetik dira Andoain, 6 txapelekin (5 aldiz azpitxapeldun); eta Errenteria eta Olaberria, 5ekin (Errenteria, esan bezala, 3 aldiz txapeldunorde, eta Olaberria bitan).

 

 

 

Bai Errenteriak bai Oiartzunek Herriarteko Pala Txapelketaren edizio guztietan hartu dute parte, hau da, 28 aldiz.

 

 

 

Aurtengo hitzorduaz gain, bi herriek beste bi aldiz neurtu dituzte indarrak elkarren aurka finalean, Oiartzungo Madalensoron jokatutakoak biak: 1995ean eta 1996an. 1995ko hitzorduan Errenteriak irabazi zion Oiartzuni, 2-0. Eta 1996koan 1na berdindu zuten, baina aldeko tanto kopuruari esker Oiartzunek jantzi zuen txapela. Oraingoa Oiartzunen aldekoa izan da.

 

 

 

Aurten 8 herri lehiatu dira Herriarteko Pala Txapelketan, iazko berak, hauexek:
 

  1. Andoain
  2. Deba
  3. Donostia
  4. Errenteria
  5. Lazkao
  6. Oiartzun
  7. Olaberria
  8. Ordizia

 

 

 

Herriarteko Pala Txapelketak aurten emandako guztia ikusgai da gure webgunearen Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Larruzko paleta eta pala motza atalean, esteka honetan klikatuz: https://bit.ly/2sLVqtC. Eta finalaren irudi bilduma ere prest da, Argazki galeriak txokoan: https://bit.ly/2sXA5gM

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba