Enrique Abril Errebote Txapelketako finala udaberrira atzeratu da
2011/11/03 | Lehiaketa
Orduan ospatuko da, era berean, Pilota Zuzenean! joko zuzenen astea
Eguraldiak lagunduz gero, igande honetan, azaroak 6, zen jokatzekoa Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, Oiartzunen. Bertako Txost elkarteak Pilota Zuzenean! joko zuzenen astea zen antolatzekoa aste honetan bertan, eta egitarauko ekitaldietako bat zen Kapito Harri (Uztaritze) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohizune) taldeen arteko finala.
Astebururako eguraldi iragarpenak, baina, nahikoa txarrak dira, eta azkenean finala ez da igande honetan jokatuko. Txapelketan izandako hainbeste atzerapenen ondoren, eta urte garai honetan eguraldiaren ziurgabetasuna kontuan hartuta, bi hitzorduak behin-behinean bertan behera uztea erabaki da.
Udaberrian ekingo zaio berriro lehiari, eta Kapito Harriren eta Luzaz Gazteren arteko finala jokatzeaz gain joko zuzenen astea ere horren bueltan antolatuko da.
Webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke Enrique Abril Errebote Txapelketak utzitakoak, eta baita datu historikoak ere. Argazki galeriak atalean, gainera, hainbat irudi daude ikusgai. |
|