Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Saria, finalerdietan

2011/06/17 | Lehiaketa

Igandean, ekainaren 19an, erabakiko da, Irungo Ramuntxo Berrin trinketean, zein bi bikotek izango duten Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Sariko finala jokatzeko aukera. Goizeko 11:30ean hasita bi finalerdi ikusi ahal izango dira:


*Ekainak 19, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri trinketa

1. Amaia ETCHELECU-Nagore AROZENA  /  Haizea ZAMORA-Magalie COMET
2. Stephanie LEIZA-Maite RUIZ DE LARRAMENDI  /  Maider MENDIZABAL-Maika ELGUEZABAL

 

Ez dago faborito argirik igandeko norgehiagoketarako, partidak hutsetik hasi eta aurretik lorturiko emaitzek ez baitute balioko aurrera egiteko. Hil ala bizi jokatu beharko dute, galtzaileak 3-4. postuko norgehiagokara eta garaileak finalera igaroko baitira. 

 

Ligaxkako bi neurketak irabazita kantxaratuko dira Etchelecu-Arozena eta garaipen batekin Zamora-Comet. Elkar oso ongi ezagutzen dute denek, eta hori baliatzen saiatuko dira jaialdia irekiko duen partidako protagonistak, hutsuneak aprobetxatu, aurkariei gauzak zail jarri eta euren jokoari zukua atera asmoz. Beraz, lau pilotariak borrokarako gogoz eta duten onena ematera kantxaratuko dira, sari handia baita finalerako txartela poltsikoratzea. 

 

Jaialdia itxiko duen partidan ere ikuskizuna eta lehia bizia espero dira. Kasu honetan ligaxkan porrot bat jasota kantxaratuko dira Mendizabal-Elguezabal, eta garaipenak soilik eskuratuta Leiza-Ruiz de Larramendi. Laurek partida asko jokatu dituzte elkarren kontra, tartean munduko txapelketaren bateko finalak ere bai (Leiza-Elguezabal eta Mendizabal-Ruiz de Larramendirekin). Beraz, gehien asmatu eta estrategia nahi bezala gauzatzen duen bikoak aurrera egiteko aukera handiagoa izan dezake.

 

Informazio gehiago webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan, eta www.blogak.com/emakumeapilotari.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba