Errenteria vs Andoain, Herriarteko Pala Txapelketaren finala, igandean, Oiartzunen
2024/06/05 | Lehiaketa
Madalensoro pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak larruzko paletaz eta pala motzez, 11:30etik aurrera; eskuzko eta gomazko paletako lehietan, finalerdietara sailkatuko diren herriak ezagutuko ditugu asteburu honetan, eta zesta-puntaz ligaxkako azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute
Lehendabiziko finala izango da ikusgai, asteburuan, 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan: palakoa. Errenteriak eta Andoainek lortu dute hitzordu preziatura iristea, eta igande goizean neurtuko dituzte indarrak larruzko paletaz eta pala motzez, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan (behean dituzue xehetasun gehiago; eta albiste honi erantsita, finala iragartzen duen kartela). Eskuzko lehia ere ari da gerturatzen azken txanpara; izan ere, finalerdietara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu. Andoain, Ataun, Azpeitia, Beasain, Bergara, Hernani, Oiartzun eta Zaldibia herriek jokatuko dituzte final-laurdenen itzulerakoak; joanekoetan, Beasainek 2-1 irabazi zion Azpeitiari, Ataunek 1-2 Bergarari, Oiartzunek 1-2 Hernaniri eta Zaldibiak 2-1 Andoaini. Gomazko paletaz ere finalerdietara sailkatuko diren herriak ezagutuko ditugu asteburuan. Aia, Astigarraga, Donostia, Hernani, Mutriku, Tolosa, Zestoa eta Zumarraga ari dira lehian; final-laurdenen joanekoetan, Mutrikuk 0-3 irabazi zion Tolosari, Zumarragak 2-1 Donostiari, Astigarragak 0-3 Zestoari eta Aiak 3-0 Hernaniri. Zesta-puntako lehian, azkenik, ligaxkako 5. jardunaldia jokatuko dute, azkenaurrekoa: Hondarribia eta Zumaia izango dira aurrez aurre, eta Mutrikuk atsedena izango du asteburu honetan. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
EKAINAK 6, OSTEGUNA - 19:30, Hernani-Udalekoa: HERNANI vs AIA (gomazko paleta, final-laurdenak, itzulerakoa)
EKAINAK 7, OSTIRALA - 18:00, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN vs HERNANI (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa) - 19:00, Ataun-Auzoeta: ATAUN vs BERGARA (eskua, final-laudenak, itzulerakoa) - 19:30, Andoain-Arrate: ANDOAIN vs ZALDIBIA (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa) - 19:30, Astigarraga-Txomiñene: ASTIGARRAGA vs ZESTOA (gomazko paleta, final-laurdenak, itzulerakoa) - 21:00, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU vs TOLOSA (gomazko paleta, final-laurdenak, itzulerakoa) - 22:00, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA vs BEASAIN (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa)
EKAINAK 9, IGANDEA - 09:00, Donostia-Loiola: DONOSTIA vs ZUMARRAGA (gomazko paleta, final-laurdenak, itzulerakoa) - 10:00, Donostia-Carmelo Balda: HONDARRIBIA vs ZUMAIA (zesta-punta, ligaxka, 5. jardunaldia) - 11:30, Oiartzun-Madalensoro: ERRENTERIA vs ANDOAIN (larruzko paleta eta pala motza, FINALA)
Esan bezala, Errenteriak eta Andoainek jokatuko dute 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketaren finala, igandean, 11:30ean, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan: lehenik larruzko paletaz lehiatuko dira, eta ondoren pala motzez:
Ekainak 9, igandea, 11:30, Oiartzun-Madalensoro
1. Larruzko paleta:
2. Pala motza:
Pilotari hauek osatzen dute Errenteriako taldea: Garikoitz Aizkorreta Aduriz, Aritz Arregi Etxenagusia, Eneko Arruabarrena Garcia, Ibon Eskisabel Mitxelena, Ibai Izquierdo Ruiz, Iker Maneiro Vicente, Yorel Martinez Garcia, Abel Pichel Jimenez eta Rubén Pichel Jimenez. Eta ondorengoek Andoaingoa: Mikel Agirre Arribilaga, Xabier Alkorta Atorrasagasti, Ibon Altuna Zabala, Xabat Amilibia Pelaez, Josu Balerdi Ansa, Joseba Beroz Garmendia, Imanol Borrero Manchado, Josu Etxeberria Uztarroz, Ibai Iradi Berasategi, Julen Loidi Sagastume, Iñaki Lopez de Munain Oñederra eta Koldo Ponce Iturralde.
Donostia eta Ordizia geratu dira finalaren atarian. Donostiak 0-4 galdu zuen Errenteriarekin finalerdietan: 2-0 galdu zuen joanekoan (35-26, 40-20), eta 0-2 itzulerakoan (22-35, 38-40). Eta Ordiziak 3-1 galdu zuen Andoainen aurka: 2-0 finalerdien joanekoan (35-19, 40-22), eta bana egin zuten itzulerakoan (29-35, 40-31).
Bai Errenteria bai Andoain Herriarteko Pala Txapelketaren edizio guztietan lehiatu dira, hau da, 33 aldiz. Errenteriak iaz jokatu zuen azken finala Herriartekoan, eta txapeldunorde izan zen (Donostia txapeldun). 6 txapel dituzte errenteriarrek: 1991-1995 bitarte (biak barne) lortutakoak (Donostia, Altzo, Donostia, Donostia eta Oiartzunen kontra, hurrenez hurren), eta 2022koa (Andoaini irabazita). Eta 5 aldiz izan dira txapeldunorde: 1996an (Oiartzunek irabazi), 2010ean (Andoainek), 2018an (Oiartzunek), 2021ean (Andoainek) eta iaz (Donostiak). Andoainentzat azken finala 2022koa izan zen, eta honek ere galdu egin zuen (Errenteriaren aurka). 7 txapel dituzte andoaindarrek, urte hauetan jantzitakoak: 2009 (Oiartzun txapeldunorde), 2010 (Errenteriaren aurka), 2011 (Oiartzuni irabazita), 2013 (Olaberriari), 2016 (Debari), 2017 (Deba txapeldunorde) eta 2021 (Errenteriari irabazita). Eta 6 aldiz izan dira txapeldunorde: 1997 (Donostiak irabazi), 1999 (Zarautzek), 2006 (Donostiak), 2008 (Donostiak), 2015 (Donostiak) eta 2022 (Errenteriak).
Bi herriek, beraz, hiru final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketaren historian: 2010ean, 2021ean eta 2022an. 2010eko eta 2021eko edizioetan Andoainek jantzi zuen txapela, eta 2022koan Errenteriak.
Palmares orokorrari begira, Donostiak ditu txapel gehien, 8 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren, 7 txapelekin (txapeldunorde 6 bider); eta Errenteria eta Olaberria ondoren, 6na txapelekin (5 aldiz izan dira txapeldunorde errenteriarrak, eta 2tan olaberriatarrak). Gero Oiartzun, 3kin (7 aldiz txapeldunorde). Eta Ordizia eta Zarautz ondoren, txapel banarekin (2 aldiz izan da azpitxapeldun Ordizia, eta behin ere ez Zarautz). Debak eta Altzok ez dute txapelik, baina 3 final jokatu ditu Debak eta 1 Altzok. Donostiak irabazi zuen aurreko edizioa, eta Errenteria izan zen txapeldunorde.
Rural Kutxa eta Aramendia pasteleria dira 2024ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren babesleak.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean eskuragarri dago txapelketaren inguruko informazio guztia.
*Argazkiak: Errenteria eta Andoain. |
|