Berdintasun Plana aurkeztu du federazioak Ohiko Batzar Orokorrean

2022/07/13 | Lehiaketa

Federazioaren egituraketa genero ikuspegiaz antolatzea, gestio ekonomikoa zein kirol gestioa genero ikuspegiaz burutzea eta komunikazioa genero ikuspegiaz kudeatzea ditu ardatz Berdintasun Planak

Berdintasun Plana aurkeztu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) egin berri duen Ohiko Batzar Orokorrean (2022-07-05).

 

 

 

Federazioaren egituraketa genero ikuspegiaz antolatzea, gestio ekonomikoa zein kirol gestioa genero ikuspegiaz burutzea eta komunikazioa genero ikuspegiaz kudeatzea ditu ardatz Berdintasun Planak. Eta arlo bakoitzerako helburu zehatzak eta ekintzak jasotzen ditu; hauexek zertzelada batzuk:

 

 

1. Federazioaren egituraketa genero ikuspegiaz antolatu

Federazioaren gobernu organoetan emakumeen presentzia bermatzea da helburua, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzea, ezagutaraztea eta ekimenak sustatzea.

Hala, besteak beste, Berdintasun Gaietarako arduraduna izendatu da. 

 

2. Federazioaren gestio ekonomikoa genero ikuspegiaz burutu

Aurrekontua genero ikuspegiaz planifikatzen eta burutzen dela bermatzeko lanean jarraituko du GEPFk, eta baita emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala ezabatzeko ere.

Hala, aurrekontuetan genero inpaktua orain arte baino sakonago neurtuko du, berdintasunean oinarritutako soldata-politika mantenduko du eta, generoa edozein dela, pilotari guztientzat dieta eta sari berdinak banatzen segituko du.

 

3. Federazioaren kirol gestioa genero ikuspegiaz burutu

Kirol administrazio arloko azterketan emakume eta gizonen egoera kontuan hartzea da helburua eta, horretarako, besteak beste, datuak (lizentzienak zein lehiaketenak) sexuaren arabera jasotzen dira. 

Kirol eskaintza emakumeen beharretara egokituta izatea bermatu nahi du federazioak, eta horretarako emakume pilotarien eta beraien kluben iritziak kontuan hartzeko neurriak hartu ditu. Besteak beste, Emakumearen Batzordea eratuko du.

Emakumeek euskal pilota praktika dezaten sustatzea ere badu helburu, eta hori bultzatzeko kanpaina egin du eta emakumeei zuzendutako aisiako euskal pilotako gaur egungo eskaintza koordinatzeko eta hobetzeko egitasmoa idatzi du.

 

4. Federazioaren komunikazioa genero ikuspegiaz kudeatu

Federazioaren kanpo zein barne komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzen dela bermatu nahi du federazioak.

Hala, hori jasotzen duen protokoloa berrikusten ari da.

Ohar, jakinarazpen eta abarren ereduak ere berrikusi ditu. Eta baita webgunea ere.

Webgunean, hain zuzen ere, Emakumea Pilotari atala berritu du GEPFk. 

Eta webgunean zein sare sozialetan emakume pilotarien presentzia bermatzen eta gizonen eta emakumeen presentzia era orekatuan islatzen jarraituko du.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba