Pilota Egokituko I. Euskal Herriko Topaketa, larunbatean, Azpeitian
2022/06/09 | Topaketak eta ospakizunak
Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako ekimena da; gomazko paletaz (gurpil aulkian) eta teniseko paletaz (adimen urritasuna) ariko dira pilotariak; goiz eta arratsaldez, Izarraitz eta Betharram pilotalekuetan
Pilota Egokituko I. Euskal Herriko Topaketa izango da, larunbatean, Azpeitian. Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako ekimena da, eta lehendabiziko aldiz antolatu dugu, elkarlanean, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF), Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.
"Gipuzkoan duela 12 denboraldi erein zen hazia Euskal Herri guztira hedatzea" da ekimenaren helburua, etorkizun laburrean Euskal Herriko Pilota Egokituko Txapelketa antolatu ahal izateko. "GEPFk eta GKEFk Gipuzkoan azken 12 urteotan elkarlanean euskal pilota egokitua bultzatzeko egindako apustua eta lana" azpimarratu nahi izan ditu EEPFk. EEPFk ere aurrerapauso garrantzitsua eman zuen 2020an: Batzar Orokorrak Pilota Egokituko arautegi propioa onartu zuen Euskal Pilotako arautegi orokorrean, era horretan "antolatzen diren eta antolatuko diren txapelketak erregulatzeko tresna" sortuz.
Bi espezialitatetan ariko dira pilotariak: gomazko paletaz eta teniseko paletaz.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek parte hartuko dute topaketan; ez dira izango, "tamalez", Nafarroako eta Iparraldeko pilotariak. Urritasun fisikoa duten 13 lagun izango dira, eta adimen urritasuna duten beste 17. Urritasun fisikodunak gomazko paletaz lehiatuko dira, gurpil aulkiarekin; eta adimen urritasuna dutenak, berriz, teniseko paletaz.
Egun guztiko festa izango da: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara izango dira ekintzak, Izarraitz eta Betharram frontoietan. Zehazki, goizean, Betharram pilotalekuan, adimen urritasuna duten pertsonentzat teniseko paletako jolasak, hainbat ariketa eta lehiaketa txikia izango dira; eta Izarraitzen, berriz, gurpil aulkiko pilotarientzat saio didaktikoa eta gomazko paletako lehia laburra. Eta arratsaldean, Izarraitz pilotalekuan bilduko dira guztiak, eta jolasak, ariketak, erakustaldiak eta lehiaketa izango dituzte aukeran. Goizeko saioa bukatu eta gero, topaketan parte hartuko duten pilotari, laguntzaile eta antolatzaileak bazkarian elkartuko dira.
Animatu pilotariak eta disfrutatu festa egunaz! |
|