Azken txanpan sartu da Herriarteko Txapelketa
2022/06/02 | Lehiaketa
Eskuzko lehian, finalerdietara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu jardunaldi honetan; larruzko paleta eta pala motzeko txapelketan finalerdiei ekingo diete Andoainek, Donostiak, Olaberriak eta Errenteriak; baita gomazko paletaz ere, Hernanik, Donostiak, Astigarragak eta Azkoitiak; zesta-puntaz, ligaxkako azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute
Azken txanpan sartu da 2022ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Eskuzko lehian, finalerdietara zein herri sailkatuko diren jakingo dugu jardunaldi honetan, final-laurdenen itzulerako jaialdiak jokatuko baitituzte Andoainek eta Hernanik (2-1 irabazi zuen Hernanik joaneko jaialdian), Oiartzunek eta Amezketak (0-3 du bere alde Oiartzunek), Azpeitiak eta Ataunek (2-1 da aurretik Ataun) eta Tolosak eta Azkoitiak (1-2 Tolosaren alde). Larruzko paleta eta pala motzeko txapelketan, finalerdiei ekingo diete asteburuan: Andoain vs Donostia eta Olaberria vs Errenteria izango dira aurrez aurrekoak. Zesta-puntaz, ligaxkako 5. jardunaldian (azkenaurrekoa) lehiatuko dira Mutriku eta Hondarribia. Eta gomazko paletako lehian, azkenik, finalerdien joanekoak jokatuko dituzte Hernanik eta Donostiak alde batetik, eta Astigarragak eta Azkoitiak bestetik.
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
EKAINAK 3, OSTIRALA - 18:00, Oiartzun-Madalensoro: OIARTZUN / AMEZKETA (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa) - 18:45, Andoain-Arrate: ANDOAIN / HERNANI (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa) - 19:15, Astigarraga-Udalekoa: ASTIGARRAGA / AZKOITIA (gomazko paleta, finalerdiak, joanekoa) - 20:00, Tolosa-Beotibar: TOLOSA / AZKOITIA (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa) - 21:00, Hernani-Udalekoa: HERNANI / DONOSTIA (gomazko paleta, finalerdiak, joanekoa) - 21:15, Andoain-Arrate: ANDOAIN / DONOSTIA (larruzko paleta eta pala motza, finalerdiak, joanekoa) - 22:00, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / ATAUN (eskua, final-laurdenak, itzulerakoa)
EKAINAK 4, LARUNBATA - 11:00, Olaberria-Udalekoa: OLABERRIA / ERRENTERIA (larruzko paleta eta pala motza, finalerdiak, joanekoa) - 17:30, Zumaia-Aitzuri: MUTRIKU / HONDARRIBIA (zesta-punta, ligaxka, 5. jardunaldia)
2022ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, 17 herri ari dira eskuz, 9 larruzko paleta eta pala motzez, 3 zesta-puntaz eta 15 gomazko paletaz. 444 pilotarik eman zuen izena aurten: 211 eskuzko lehiarako, 77 larruzko paleta eta pala motzekorako, 38 zesta-puntakorako eta 118 gomazkorako. Hauexek dira izena emandakoak:
ESKUA
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
ZESTA-PUNTA
GOMAZKO PALETA
Eskuz, iaz baino herri bat gehiago lehiatu da aurten, 17: Aduna, Astigarraga eta Bidania-Goiatz ez dira izan; baina Amasa-Villabona, Idiazabal, Lasarte-Oria eta Zaldibia izan dira talde berriak. Gomazko paletaz, hiru herri gutxiago lehiatu dira, 15: aurten ez dute jokatu Amasa-Villabonak, Azpeitiak, Debak eta Oriok; eta bai, ordea, Oiartzunek. Palako lehian, 9 herrik hartu dute parte, aurrekoan baino bi gehiago: ez da egon bajarik iaztik; eta Azpeitia eta Tolosa gehitu zaizkio zerrendari. Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri ari dira lehian, aurreko edizioan baino bat gutxiago: Donostia ez da aurten.
Finalei dagokienean, gomazko paletakoa, palakoa eta zesta-puntakoa jokatuko dira lehendabizi: ekainaren 19ko jardunaldian. Eta eskuzko finala ekainaren 25ean izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke egutegi guztiak.
Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Oiartzun izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren postuan, 7 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Olaberria hirugarren, 6 txapelekin (2 aldiz txapeldunorde). Andoainek irabazi zuen aurreko edizioan, eta Errenteria izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Zumaiak irabazi zuen, eta Mutriku sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 2 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik da Donostia, txapel batekin (beste behin txapeldunorde). Ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa; biak izan dira behin azpitxapeldun. 2021eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.
Bertako igogailuak enpresa da 2022ko edizioko babeslea. Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean dago eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Aurkezpeneko irudi bilduma ere ikusgai dago, Argazki galeriak txokoan. |
|