2022ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, prest

2022/04/07 | Lehiaketa

Jendaurreko zozketak kanporaketak erabakita utzi ditu; 17 herri lehiatuko dira eskuz, 15 gomazko paletaz, 9 pala motzez eta larruzko paletaz, eta 3 zesta-puntaz; maiatzaren 1eko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko lehiarekin, eta gainontzeko espezialitateak maiatzaren 8ko jardunaldian abiatuko dira

Dena dago prest 2022ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari hasiera emateko. Atzo iluntzean (2022-04-06) egin genuen aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako hainbat ordezkarik eta pilotarik lagunduta, eta erakunde zein babesleren laguntzarekin.

Itziar Lete Andonegi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidenteak gidatu zuen saioa, eta alboan izan zuen Iban Sanchez Lizarralde Bertako igogailuak babeslearen ordezkaria. Letek Gipuzkoako klubei eskerrak emanez hasi zuen agerraldia, "pandemia garaian ere erakutsi duzuen jarreragatik, moldatzeko eta unean uneko neurri eta egoeretara egokitzeko izan duzuen prestutasunagatik". "Zorte on eta disfrutatu", opatu zien parte-hartzaileei. Eta Bertako igogailuak babesleari eskerrak emanez bukatu zuen. Enpresako ordezkari Sanchezek, bestalde, sortutako lankidetzagatik pozik agertu zen, eta "txapelketatik haratago elkarlanean jarraitzeko asmoa" adierazi zuen.

 

 

 

2022ko Herriarteko Txapelketaren hainbat datu aipatu eta gero, kanporaketen zozketara ekin zioten Letek eta Sanchezek. Hain zuzen ere, albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketa horrek erabakitakoak.

 

 

 

17 herrik eman du izena eskuko lehian, 15 ariko dira gomazko paletaz, 9 pala motzez eta larruzko paletaz eta 3 zesta-puntaz. Hain zuzen ere, honakoak dira:

 

ESKUA

  1. Alegia
  2. Amasa-Villabona
  3. Amezketa
  4. Andoain
  5. Aretxabaleta
  6. Ataun
  7. Azkoitia
  8. Azpeitia
  9. Bergara
  10. Hernani
  11. Idiazabal
  12. Lasarte-Oria
  13. Oiartzun
  14. Oñati
  15. Tolosa
  16. Zaldibia
  17. Zestoa

 

GOMAZKO PALETA

  1. Aia
  2. Andoain
  3. Anoeta
  4. Astigarraga
  5. Azkoitia
  6. Donostia
  7. Errenteria
  8. Hernani
  9. Mutriku
  10. Oiartzun
  11. Soraluze
  12. Tolosa
  13. Zarautz
  14. Zestoa
  15. Zumarraga

 

PALA MOTZA ETA LARRUZKO PALETA

  1. Andoain
  2. Azpeitia
  3. Deba
  4. Donostia
  5. Errenteria
  6. Oiartzun
  7. Olaberria
  8. Ordizia
  9. Tolosa

 

ZESTA-PUNTA

  1. Hondarribia
  2. Mutriku
  3. Zumaia

 

 

Eskuz, iaz baino herri bat gehiago lehiatuko dira aurten, 17: Aduna, Astigarraga eta Bidania-Goiatz ez dira izango; baina Amasa-Villabona, Idiazabal, Lasarte-Oria eta Zaldibia dira talde berriak.

Gomazko paletaz, hiru herri gutxiago lehiatuko dira, 15: aurten ez dute jokatuko Amasa-Villabonak, Azpeitiak, Debak eta Oriok; eta bai, ordea, Oiartzunek.

Palako lehian, 9 herrik hartuko dute parte, aurrekoan baino bi gehiago: ez dago bajarik iaztik; eta Azpeitia eta Tolosa gehitu zaizkio zerrendari.

Eta, azkenik, zesta-puntaz 3 herri lehiatuko dira, aurreko edizioan baino bat gutxiago: Donostia ez da izango aurten.

 

 

 

Eskuzko lehiarekin hasiko da txapelketa, maiatzaren 1eko asteburuan. Eta gomazko paletakoa, palakoa eta zesta-puntakoa gehituko zaizkio hurrengo jardunaldian, maiatzaren 8koan.

 

 

 

Finalei dagokienean, gomazko paletakoa, palakoa eta zesta-puntakoa jokatuko dira,hain zuzen, lehendabizi: ekainaren 19ko jardunaldian. Eta eskuzko finala ekainaren 25ean izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

 

 

 

Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Oiartzun izan zen txapeldunorde.

Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren postuan, 7 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Olaberria hirugarren, 6 txapelekin (2 aldiz txapeldunorde). Andoainek irabazi zuen aurreko edizioan, eta Errenteria izan zen txapeldunorde.

Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 10 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Zumaiak irabazi zuen, eta Mutriku sailkatu zen bigarren.

Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 2 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan). Eta atzetik da Donostia, txapel batekin (beste behin txapeldunorde). Ondoren ageri dira Azpeitia eta Tolosa; biak izan dira behin azpitxapeldun. 2021eko edizioan Azkoitiak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Aurkezpeneko argazki gehiago, Argazki galeriak txokoan.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba