Saiatzen jarraitu behar
2021/10/20 | Lehiaketa
Aurten ere ezin izan du txapelik jantzi Gipuzkoak, Bizkaia 1 taldeak irabazi baitu Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala
Aurten ere ezinezkoa izan da. Bizkaia 1 taldeak irabazi du VI. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala, eta Gipuzkoak, hortaz, ezin izan du etxera ekarri bere lehendabiziko txapela: Urriak 16, larunbata, 12:00, Buñuel-San José de Calasanz plaza
Nagusitasunez hasi ziren bizkaitarrak, baina gipuzkoarrak ez ziren kikildu, eta lehia polita ikusteko aukera izan zen Buñuelen (Nafarroa). 300 bat lagun bildu ziren finala aurrez aurre ikustera. Arauzko gehienezko denbora bete zenean (75 minutuak), bizkaitarren aldeko 7-5eko emaitza erakusten zuen markagailuak.
4 ediziotan izan dira aurrez aurre finalean Gipuzkoa eta Bizkaia, eta lautan irabazi du Bizkaiak. Baina ez diote erraz jarri gehienetan gipuzkoarrek. Saiatzen jarraitu behar txapel preziatua etxera ekartzeko. Txapelketaren sei edizioetatik bostetan jokatu du finala Gipuzkoak, eta iristea bera bada marka politta. Bizkaiak ere bost final jokatu ditu txapelketan.
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako edizio guztietako finalak bildu ditugu ondorengo taulan:
Pilotari hauek osatu dute Gipuzkoako selekzioa: Julen Chiapuso Nosellas, Iñaki Esnal Aizpurua, Julen Iribar Arruti, Iban Jauregi Erkizia, Iñigo Ugalde Muguruza, Jon Urbieta Otaegi eta Andoni Zabala Lekuona.
VI. edizioan Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira: Bizkaia 1, Bizkaia 2, Gipuzkoa, Iparralde 1-Senpere (Lapurdi), Iparralde 2-Senpere (Lapurdi) eta Iparralde 3-Eskulari (Lapurdi).
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan hainbat irudi daude ikusgai.
*Argazkiak: Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. |
||||||||||||||||||||||||||||