Finalerdiei ekingo diete eskuz eta gomaz Herriartekoan, eta azken jardunaldia izango da zestaz

2021/06/09 | Lehiaketa

Azkoitia, Tolosa, Donostia eta Zarautz dira finalerako hautagaiak gomaz; eta Azpeitia, Astigarraga, Alegia eta Oiartzun eskuz; hilaren 20an jokatuko da zesta-puntako finala

Azken txanpan sartu da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Eskuz zein gomazko paletaz finalerdiei ekingo diete asteburuan, eta zesta-puntaz ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute. Hain zuzen ere, hilaren 20an izango da zesta-puntako finala. Eskuzkoa, hilaren 26an. Eta gomazko paletakoa, azkenik, hilaren 27an.

Azkoitia, Tolosa, Donostia eta Zarautz dira finalerako hautagaiak gomazko paletako lehian. Anoetak erretiratu behar izan du; final-laurdenen itzulerako jaialdia ez zuten jokatu Anoetak eta Zarautzek, eta zarauztarrak sailkatu ziren, hala, hurrengo fasera. Finalerdien joanekoetan izango dira nor baino nor gehiago asteburu honetan, Azkoitia eta Tolosa alde batetik (Azkoitian) eta Donostia eta Zarautz bestetik (Donostian).

Eskuz, Azpeitia, Astigarraga, Alegia eta Oiartzun izango dira finaleko txartelak lortzeko lehian. Jardunaldi honetako finalerdien joaneko jaialdiak, hauexek: Azpeitia vs Astigarraga (Azpeitian) eta Alegia vs Oiartzun (Alegian).

Zesta-puntaz, azkenik, ligaxkako 6. eta azken jardunaldia izango da jokoan asteburuan. Donostiak txapelketatik erretiratu behar izan du, eta Zumaia vs Mutriku izango da jardunaldi honetako aurrez aurrekoa. Beste jaialdi bat ere izango da, ordea: aurreko astean COVIDagatik atzeratu behar izan zen Hondarrribia eta Zumaiaren artekoa.

Indarrean dauden neurriak jarraituz, txapelketa hasi zenetik egin duten bezala, jaialdi guztiak ateak itxita jokatuko dituzte.

 

 

 

Hauxe da, hain zuzen ere, asteburu honetako kartelera:

 

EKAINAK 11, OSTIRALA
 

- 18:30, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / ASTIGARRAGA (eskua)

- 19:00, Hondarribia-Jostaldi: HONDARRIBIA / ZUMAIA (zesta-punta) (COVID-agatik atzeratuta)

- 21:30, Donostia-Loiola: DONOSTIA / ZARAUTZ (gomazko paleta)

 

EKAINAK 12, LARUNBATA
 

- 10:45, Alegia-Elorri: ALEGIA / OIARTZUN (eskua)

- 11:00, Zumaia-Aitzuri: ZUMAIA / MUTRIKU (zesta-punta)

- 17:00, Azkoitia-Gurea: AZKOITIA / TOLOSA (gomazko paleta)

 

 

 

2021eko edizioan, 16 herri ari dira eskuz, 18 gomazko paletaz, 7 larruzko paleta eta pala motzez, eta 4 zesta-puntaz448 pilotarik eman zuen izena txapelketan: 216 eskuzko lehiarako120 gomazkorako61 larruzko paleta eta pala motzekorako, eta 51 zesta-puntakorako. Hauexek dira parte-hartzaileak:

 

ESKUA

  1. Aduna
  2. Alegia
  3. Amezketa
  4. Andoain
  5. Aretxabaleta
  6. Astigarraga
  7. Ataun
  8. Azkoitia
  9. Azpeitia
  10. Bergara
  11. Bidania-Goiatz
  12. Hernani
  13. Oiartzun
  14. Oñati
  15. Tolosa
  16. Zestoa

 

GOMAZKO PALETA

  1. Aia
  2. Amasa-Villabona
  3. Andoain
  4. Anoeta
  5. Astigarraga
  6. Azkoitia
  7. Azpeitia
  8. Deba
  9. Donostia
  10. Errenteria
  11. Hernani
  12. Mutriku
  13. Orio
  14. Soraluze
  15. Tolosa
  16. Zarautz
  17. Zestoa
  18. Zumarraga

 

LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA

  1. Andoain
  2. Deba
  3. Donostia
  4. Errenteria
  5. Oiartzun
  6. Olaberria
  7. Ordizia

 

ZESTA-PUNTA

  1. Donostia
  2. Hondarribia
  3. Mutriku
  4. Zumaia

 

Eskuz, aurreko edizioan (2019) baino hiru herri gutxiago ari dira aurten, 16: Aia, Altzo, Amasa-Villabona, Asteasu eta Donostia ez daude; eta Alegia eta Amezketa dira talde berriak.

Gomazko paletaz, bi herri gehiago ari dira lehian, 18: aurten ez dute jokatu Elgoibarrek, Irunek, Usurbilek eta Zumaiak; eta bai, ordea, Amasa-Villabonak, Debak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumarragak.

Palako lehian, 7 herrik hartu dute parte, aurrekoan baina bat gutxiago: Lazkao ez da aritu.

Eta, azkenik, zesta-puntaz 4 herri ari dira, aurreko edizioko berberak.

 

 

 

Datu historikoei erreparatuta, Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuzko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Astigarragak irabazi zuen, eta Azpeitia izan zen txapeldunorde.

Palaz, Donostiak eta Andoainek (aurtengo edizioa irabazita) dituze txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde Donostia, eta 5 aldiz Andoain); Olaberria da hurrengoa, 6 txapelekin (2 aldiz txapeldunorde); eta gero Errenteria, 5 txapelekin (4 ediziotan txapeldunorde, azkena aurten). 

Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 6 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Azken edizioa Mutrikuk irabazi zuen, eta Donostia sailkatu zen bigarren.

Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak eta Azkoitiak dute txapel bana. Eta Azpeitia eta Tolosa izan ziren, hurrenez hurren, 2018ko eta 2019ko edizioetako txapeldunordeak.

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean dago eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia.

 

 

 






Babesleak

Ir arriba