Asteburuan hasiko da Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa

2020/09/03 | Lehiaketa

Gipuzkoaz gain, Euskal Herriko beste 6 talde lehiatuko dira bosgarren edizio honetan; urri hasierarako aurreikusten da finala

Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaz gozatzeko aukera izango da 2020-21 denboraldian ere. Asteburuan (2020-09-06) hasiko da lehia. Eta Gipuzkoa izango da parte-hartzaileetako bat.

 

 

 

Guztira, Euskal Herriko 7 talde ariko dira bosgarren edizio honetan, bi multzotan banatuta:

 
 
A MULTZOA
 
  • Bizkaia 1
  • Gipuzkoa
  • Iparralde-Senpere 2 (Lapurdi)
  • Iparralde-Amikuze (Nafarroa Beherea)

     

B MULTZOA

  • Bizkaia 2
  • Iparralde-Senpere 1 (Lapurdi)
  • Iparralde-Itxasuarrak (Lapurdi)

 

 

 

Ligaxka jokatuko dute aurrena multzo bakoitzean, irailaren 6tik 20ra bitarteko asteburuetan.

Ondoren, ligaxkan multzo bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, partida bakarrera (A1 vs B2 eta B1 vs A2), irailaren 27ko jardunaldian (eguraldiaren arabera beti ere, hau da, txapelketa aurreikusita bezala baldin badoa).

Finala, azkenik, urri hasieran jokatzea espero da.

 

 

 

Pilotari hauek ordezkatuko dute Gipuzkoa aurten: 
 

  • Andoni Zabala Lekuona (Txost)
  • Ekaitz Lasa Irastorza (Txost)
  • Iban Jauregi Erkizia (Txost)
  • Iñaki Esnal Aizpurua (Txost)
  • Jon Ander Esnaola Lizaso (Txost)
  • Julen Chiapuso Nosellas (Eple)
  • Xabier Azpiroz Ibarguren (Eple)
  • Julen Iribar Arruti (Izurun)
  • Iñigo Ugalde Muguruza (Oiarpe)
  • Imanol Ugalde Muguruza (Oiarpe)
  • Jon Urbieta Otaegi (Behar Zana)

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
 
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Lehendabiziko jardunaldian, Gipuzkoak Bizkaiaren kontra jokatuko du. Larunbatean, hilak 5, izango da aurrez aurrekoa, 16:30ean, Berrizen (Bizkaia).

 

 

 

Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.org.

 

 

 










Ir arriba