Jokoan da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa

2019/10/15 | Lehiaketa

Alebin eta infantil kategorietako 260 bat pilotari lehiatuko dira, buruz buru; abenduaren 29ko jardunaldian izango dira ikusgai Gipuzkoako zein eskualdeetako finalak

Asteburuan (2019-10-20) ekingo diote eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketari. Alebin eta infantil kategorietako (2008, 2007 eta 2006. urteetan jaiotakoak) pilotariak lehiatuko dira, eskuz banaka, baina klubaren izenean.

 

 

 

Denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa da hauxe, eskuko espezialitateari dagokionean. Urte bukaerara arte luzatzen da. Ondoren, urte berriarekin batera, eta martxora bitarte gutxi gorabehera, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Eta azkenik, apirila aldean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izango dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.

 

 

 

264 pilotarik eman du izena eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan: alebinetan (2008an jaioak), 103 pilotari lehiatuko dira, 18 multzotan banatuta; eta infantiletan, 86 alde batetik (2007an jaiotakoetan), 15 multzotan banaturik, eta 75 bestetik (2006an jaiotakoak), 13 multzotan.

 

 

 

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 20ko jardunaldian hasi eta azaroaren 17kora bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6. postura sailkatutakoek eskualdeko txapelketak, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.

 

 

 

Abenduaren 22ko astebururako aurreikusten dira finalerdiak. Eta final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 29ko jardunaldian jokatuko dituzte, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.

 

 

 

Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketaren xehetasun guztiak webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean kontsulta daitezke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin.

 

 

 










Ir arriba