Asteburuan ekingo diote Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari

2019/09/04 | Lehiaketa

Gipuzkoak bi talderekin hartuko du parte; guztira, 6 talde lehiatuko dira; finala urriaren 19an izango da ikusgai

Aurten laugarrenez, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da. Eta Gipuzkoa berriz ere present izango da, bi talderekin hartuko baitu parte: Gipuzkoa 1 eta Gipuzkoa 2. Asteburuan (2019-09-08) hasiko da lehia.

 

 

 

Guztira, Euskal Herriko 6 talde ariko dira, bi multzotan banatuta:

 
 
A MULTZOA
 
  • Bizkaia
  • Gipuzkoa 2
  • Iparralde 3 (Nafarroa Beherea)
     

B MULTZOA

  • Gipuzkoa 1
  • Iparralde 1 (Itxasu, Lapurdi)
  • Iparralde 2 (Senpere, Lapurdi)

 

 

 

Ligaxka jokatuko dute aurrena multzo bakoitzean, irailaren 8tik 22ra bitarteko asteburuetan.

Ondoren, ligaxkan multzo bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, partida bakarrera (A1 vs B2 eta B1 vs A2), irailaren 29ko jardunaldian.

Finala, azkenik, urriaren 19an jokatzea espero da, Berrizen, Bizkaian (eguraldiaren arabera, txapelketa aurreikusita bezala baldin badoa).

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
 
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Albiste honi erantsitako dokumentuan kontsulta daiteke IV. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako partiden egutegia

Lehendabiziko jardunaldian, Gipuzkoan bertan izango da norgehiagoka bat ikusteko aukera. Hain zuzen ere, ostiralean, 19:00etan, Oiartzungo Beheko Plazan: Gipuzkoa 1 vs Iparralde 1.

Beste partida Bizkaian izango da, larunbatean, eta Gipuzkoa 2 taldeak jokatuko du han, Bizkaiaren aurka. Zehazki, Berrizko Berrizburu plazan, 18:30ean.

 

 

 

Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.org.

 

 

 










Ir arriba