Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa ere, prest

2021/09/01 | Lehiaketa

Euskal Herriko 6 taldek eman du izena seigarren edizioan, eta horien artean da Gipuzkoa ere; asteburuan (2021-09-05) ekingo diote lehiari, eta urriaren 3ko jardunaldian jokatuko dute finala

2021-22ko Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa ere prest da. Euskal Herriko 6 taldek eman du izena Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) antolatutako seigarren edizio honetan, eta horien artean da Gipuzkoa ere. Asteburuan (2021-09-05) ekingo diote lehiari.

 

 

 

Bi multzotan banatuta ariko dira:

 
 
A MULTZOA
 
  • Bizkaia 1
  • Iparralde 2-Senpere (Lapurdi)
  • Iparralde 3-Eskulari (Lapurdi)

     

B MULTZOA

  • Bizkaia 2
  • Iparralde 1-Senpere (Lapurdi)
  • Gipuzkoa

 

 

 

Ligaxka jokatuko dute aurrena multzo bakoitzean, irailaren 5etik 19ra bitarteko asteburuetan.

Ondoren, ligaxkan multzo bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, partida bakarrera (A1 vs B2 eta B1 vs A2), irailaren 26ko jardunaldian (eguraldiaren eta osasun egoeraren arabera beti ere, hau da, txapelketa aurreikusita bezala baldin badoa).

Finala, azkenik, urriaren 3ko asteburuan jokatzea espero da.

 

 

 

Lehendabiziko jardunaldian atseden du Gipuzkoak. Bigarrengoan Iparralde 1-Senpere taldearen aurka jokatuko du, Lapurdin. Eta hirugarrengoan Bizkaia 2 hartuko du, etxean.

 

 

 

Pilotari hauek ordezkatuko dute selekzioa aurten: 
 

  • Julen Chiapuso Nosellas
  • Iñaki Esnal Aizpurua
  • Julen Iribar Arruti
  • Iban Jauregi Erkizia
  • Iñigo Ugalde Muguruza
  • Jon Urbieta Otaegi
  • Andoni Zabala Lekuona

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

 
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.org.

 

 

 






Ir arriba